BILBO. 1,7 milioi euroko aurrekontua bideratuko du N-636 errepidean, Elorrioko udalerrian dagoen Kanpazar parean, hirugarren erreia eraikitzeko lanetarako. Errei berriak 820 metroko luzera izango du, eta gaur bertan, hilak 23, hasi egin dira obrak.

Kanpazar mendatearen igotzeko noranzkoan (Beasaingo noranzkoan) 35+800 kilometro-puntuaren eta 36+620 kilometro-puntuaren artean ibilgailu geldoentzat prestatutako hirugarren errei gehigarria egiteko 13 hilabeteko epea egongo da. Errei berria jartzeak segurtasun-baldintzetan ibilgailu arinek ibilgailu astunak aurreratzeko maniobrak erraztuko ditu, eta bide-zatiaren funtzionaltasuna eta ibilbide-denborak hobetuko ditu.

Kanpazarrera igotzeko zatiak trazadura bihurgunetsua du lau kilometro eta erdiko bere tartean, eta aurreratzeko aukera ematen duten bi zati baino ez ditu. Hirugarren erreia ibilgailu motelenek eragindako auto-ilarak saihesteko egingo da.

Hirugarren erreia egiteko obrak egin bitartean hormigoizko hesi bat jarriko da, trafiko-eremua eta obra-eremua bereizteko, lan-eremuari segurtasuna ematearen ondoreetarako. Birmoldaketak egungo plataforma handitu eta egungo drainatze-sarea hobetuko du, orain dagoen arekaren ordez hormigoizko bat jarriz, eta lekuz aldatuko da zuntz optikoaren kanalizazioa, plataforma berritik kanpo.

Beasain-Durango N-636 errepidea, Kanpazar mendatetik barrena, Lehentasunezko Intereseko Sarearen parte da, bere egitekoa ibilbide luzeko bidaiak bideratzea baita, eta ordainpeko AP-8 eta AP-1 autobideetarako ordezko irtenbide gisa erabiltzen da. Errepide honek 14 km ditu eta egunean batez beste 7.684 ibilgailu jasaten ditu; horietatik %19,1 ibilgailu astunak dira, 1.468 gutxi gorabehera.

Jarduketa horiek egiteko behar diren lanak era egokian seinaleztatuta egongo dira eta, ondorioz, abiadura-mugak murriztuko dira obretan dauden zatietan. Erreiak moztea edo galtzada estutzea eskatzen duten jarduketetan gauez egingo dira, zirkulazioan ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko. Jaiegunak eta oporraldiak ere aprobetxatuko dira horrelako lanak egiteko.

HURRENGO JARDUKETAK

Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an gutxi gorabehera 800 metro dituen beste tarte bat hastea aurreikusten du.

Bi jarduketa-tarteetan egingo diren obrekin Kanpazar mendatearen ibilbide-denbora, ibilgailu arinen kasuan, batez beste 4,5 minutu murriztea espero da (Elorrio-Mondragon noranzkoan) puntako orduetan.