BILBO. 1.219.117 euroko aurrekontua bideratuko du Bizkaiko Foru Aldundiak Ugao-Miraballes eta Zeberio komunikatzen dituen BI-3524 errepide-tartea konpontzeko. Astelehenean, urriak 26, hasi egingo dira errepidearen segurtasuna hobetzea helburu duten lanak. Konponduko den tarteak 3,8 kilometro luze dauzka. Bertan zorua indartu eta drainatze-sistema hobetuko da, besteak beste. Seinale horizontalak eta bertikalak eta eusteko eta balizatzeko sistemak hobetzeko jarduketak egingo dira baita ere.

Obra horiek datorren uda baino lehen amaitzea aurreikusten da, eta, horretarako, zirkulazioari eragin beharko zaio, bide-zatika erreiak moztuz. Eragin horiek behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta obrako semaforoak jarriko dira trafikoa erregulatzeko, ordezko bidea emanez.

Bide-zorua, drainatzea, seinaleak eta euste-sistemak indartuz, Arratia-Nerbioi eskualdeko mugikortasuna hobetu nahi du Foru Aldundiak. Izan ere, lan horiek amaitu berri den Zeberio eta Artea arteko zatia hobetzeko obra osatzen dute, eta 3.097.020 euroko inbertsioa egin da. Horrela, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak 4.316.137 euroko inbertsioa egin du Ugao-Miraballes eta Artea arteko Bi-3524 errepidea hobetzeko.

Bi-3524 errepide arrunta da, zirkulazioaren bi noranzkoak dituena eta galtzadaren zabalera sei metro ingurukoa. Bide horretatik zirkulatzen ari den trafikoa ia tokikoa da, eta intentsitate txikikoa, batez ere irisgarritasun-trafikoa delako, ez mugikortasun-trafikoa, nahiz eta azpimarratzekoa den ibilgailu astunek zura garraiatzeko erabiltzen dutela errepide hori.