BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak kontratazioa sustatzeko 'Kontrata30' izeneko programa abiarazi egin du. Programa horren helburu nagusia gazteen prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan kualifikazioa duten gazte horiek lehen aldiz laneratzen laguntzea da.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak covid-19ak sortutako krisiaren testuinguruan garatu du praktiketako kontratazioa sustatzeko programa eta bi milioi euroko ezohiko inbertsioa du oinarri, munta hori Enplegu Planaren bost milioiei gehituta.

Praktikaldiko kontratua unibertsitateko titulua, LHko goi-mailako edo erdi-mailako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria duten 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, lan-merkatuan sartzea zaila duen kolektiboa delako gaur egun osasun-krisiak lan-merkatuan izan duen eraginagatik.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, azaldu duenez, covid-19ak eragindako osasun-krisiak enpleguan duen eraginari buruzko analisi eta diagnostikoetan unibertsitateko edo Lanbide Heziketako kualifikazioa duten gazteengan duen eragina nabarmentzen da.

"Beraz, gazteak laneratzen laguntzeko programa bat da, eta, horrela, gazteen langabeziaren kronifikazioa prebenitzen da, bai eta enpresei lagundu ere, euren plantilletan talentua sar dezaten eta, horrela, enplegua berreskuratzen eta berroneratzen laguntzeko", zehaztu du.

Era berean, gogorarazi duenez, covid-19aren krisiak "ekoizpen-sektore askoren jarduera komertzial eta ekonomikoa hibernatzera behartu du eta, bereziki, autonomoen, ETEen eta mikroenpresen jarduera komertziala hibernatzera", eta horrek esan nahi du fakturazio eta likidezia falta handia dagoela "enplegua mantentzeko, sortzeko eta talentu berria sartzeko orduan funtsezkoa dena".

Kontrata30 programaren barruan enpresarekin sinatutako kontratuaren bidez gazteak titulua duen lanbiderako ezagutza praktikoak eskuratzen ditu eta, horrela, dagoeneko eskuratutako ezagutza teorikoak osatzen ditu. Beste alde batetik, kontratu horren bidez, enpresei tituludun berriak kontratatzeko aukera ematen zaie, pertsona horiek, aldi berean, euren ikasketa-mailari egokitutako beharrezko esperientzia eskuratu ahal izan dezaten.

BEHARKIZUNAK

Kontrata30 programan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke Bizkaiko enpresak, edozein dela ere horien forma juridikoa, enpresaburu indibidual eta profesionalak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, bai eta 250 pertsonatik beherako plantilla duten gure lurralde historikoko elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk ere. Emakida-sistema lehia askearen bidezkoa izango da.

Diruz lagundu ahal izango da praktikaldiko kontratuaren erakunde onuradunaren kostua, kontratua hasten den egunetik aurrera; kontratu horren iraupena gutxienez sei hilabetekoa izango da eta 30 urte arteko langabeekin harpidetuko da. Praktikaldiko kontratua aurtengo martxoaren 14tik 2021eko martxoaren 31ra bitartean hasi behar da.

Kontratazioak kontratatutako pertsonaren prestakuntza akademiko profesionalarekin bat datozen lanpostuei buruzkoak izango dira. Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan beharko dira, betiere kontratuaren hasiera-egunetik eta indarraldi osoan ezarritako ohiko lanaldiaren % 50 gutxienez bada.

Ezin izango dira diruz lagundu urteko soldata gordina 8.000 eurotik beherakoa duten kontratuak, baldin eta kontratuaren lanaldia partziala bada eta ezarritako ohiko lanaldi osoaren gutxienez % 50 bada, eta 14.000 eurotik beherakoa lanaldi osoko kontratuetarako.

Gutxienez sei hilabeteko iraupena duten praktikaldiko kontratuen kasuan eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa 3.990 eurokoa izango da langilea 30 urte arteko gizona bada, eta 4.560 eurokoa langilea 30 urte arteko emakumea bada.

Langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Aurrera planari atxikitako programaren batean parte hartu badu, 30 urte arteko gizona edo emakumea izan, dirulaguntzaren zenbatekoa 5.700 eurokoa izango da.