BILBO. Koronabirusak eragindako egoera bereziak ez du ia eraginik izan Bizkaiko hondartzetako jende-kopuruan. Iaz 1.563.561 erabiltzaile izan zituzten Bizkaiko hondartzak ekainaren 15etik uztailaren 31ra. Aurten, egoera berri hau izan arren, 1.504.561 pertsona hurreratu dira lurraldeko hondartzetara.

Kopuruak iazko denboraldiaren lehenengo erdian izandakoen oso antzekoak badira, nagusiki, uztailean izandako hazkundeagatik da; izan ere, hilabete horretan 2019an baino jende gehiago egon zen hondartzetan (% 5,17 gehiago), hain zuzen ere, 1.055.914 pertsona. Ekaineko datuak 2019ko datuen oso antzekoak dira: 448.647 pertsona, iazko 559.662 pertsonen aldean; hala ere, kontuan hartu behar da aurreko denboraldia ekainaren 1ean hasi zela, eta ez 15ean.

Uztailean jenderik gehien izan duten hondartzak hauek izan dira, hurrenkera honetan: La Arena (138.287 pertsona), Ereaga (118.296 pertsona), Gorliz (112.197 pertsona) eta Plentzia (101.894). Ekainean jenderik gehien izan zutenak La Arena (59.972), Ereaga (57.653), Gorliz (48.341) eta Arrietara-Atxabiribil (45.9069) izan ziren.

Aurtengo udako berezitasunetako bat hondartzak erabili eta arautzeko esparru orokorra izan da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalerriek COVID-19aren hedapenari aurre egiteko ezarritakoa. Bertan, hondartza bakoitzaren ezaugarri partikularrak hartzen dira kontuan (udalerri bakoitzak bere kontingentzia-planean jaso ditu ezaugarri horiek) eta osasun-arloko agintariek aire zabaleko guneak seguru erabiltzeko ezarritako gomendioak dira oinarri. Esparru orokor horren barruan hondartzen okupazioa ebaluatzeko sistemak ezarri ziren, osasun-arloko agintariek une bakoitzerako ezarritako segurtasun-tartea gordetzearren. Ekainaren 15etik uztailaren 31ra, hamar egunetan, edukiera beteta egon da zenbait hondartzatan:

  • Ekainaren 30ean, Aritzatxun eta Lagan.
  • Uztailaren 4an, La Arenan, Plentzian, Gorlizen eta Lagan.
  • Uztailaren 5ean, Areetako hondartzan, Plentzian, Gorlizen, Aritzatxun, Laidatxun, Lagan eta Isuntzan.
  • Uztailaren 13an, Lagan.
  • Uztailaren 18an, Areetako hondartzan eta Aritzatxun.
  • Uztailaren 19an, La Arenan, Arrietara-Atxabiribilen, Barinatxen, Muriolan, Aritzatxun eta Lagan.
  • Uztailaren 20an, Muriolan eta Aritzatxun.
  • Uztailaren 25ean, Aritzatxun eta Lagan.
  • Uztailaren 30ean, Aritzatxun.
  • Uztailaren 31n, La Arenan, Areetako hondartzan, Muriolan eta Aritzatxun.

Hondartzainek erregistratutako gorabehera eta erreklamazioei dagokienez, batzuk zein besteak gutxitu egin dira uda honetan. 2019an, 674 gorabehera erregistratu ziren (pasabideekin eta komunetako kalteekin lotutakoak gehienak); aurten, 491 erregistratu dira, eta, gehienbat, megafoniarekin izan dute zerikusia. Erreklamazioak, bestalde, 115 izan ziren iaz, eta aurten, aldiz, 67. Azken hauen jatorrian, gehien errepikatu diren arrazoiak hauek izan dira: ekainaren bigarren hamabostaldian komunak ixtea, hondartzetako zakarrontzi falta edo ur-bazterrean harriak egotea.

Horrez gain, aurtengo urteko denboraldia hasi zenetik, 211,2 tona hondakin jaso dituzte Bizkaiko hondartzetan. Hondakin gehienak (110.633 kilo) zakarrontzi berdeetan bildutakoak izan dira; beste 81.147 kilo mareek itsasertzera ekarritako hondakinak izan dira, eta gainerako 19.420 kiloak zakarrontzi horietan batu dira.

Bestalde, sorosleek 2.739 jarduketa egin dituzte denboraldi hasieratik uztailaren 31ra, gehienak (1.575) zauriengatik eta xabiroien ziztadengatik (406). Horrez gain, beste 134 lagun artatu dituzte intsektuen ziztadengatik eta 120 traumatismo itxiengatik; gainera, ur-korronteak direla eta 71 erreskate egin dituzte, eta beste 34 gehiago nekea dela eta.

Artatutako pertsona guztietatik 58 bakarrik eraman behar izan dituzte osasun-zentroren batera; gainerakoek, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzuak ematen duen laguntza besterik ez dute behar izan.