BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera berezia izan arren, Gaztelugatxek 21.538 bisitari izan ditu uztailaren 1etik hilaren 31 bitartean. Egoera honek eragindako murrizketak direla eta, bisitarien zifra nabarmen jaitsi egin da. Murrizketa Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako sarbide-murrizketen ondorioz gertatu da nagusiki, osasun-agintariek ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko, koronabirusaren hedapena geldiarazteko helburuarekin.

Udako lehen hilabete honetan jende gehien bildu diren egunak hauek izan dira: ostiralean, hilak 24, 845 bisita; uztailaren 17an, ostirala, 842; eta ostegunean, hilak 9, 839. Eta jende gutxien uztailaren 31n (521 pertsona), 30ean (664 pertsona) eta 6an (701 pertsona) izan da.

Aurtengo uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean babestutako gune hori bisitatzeko egindako erreserbei dagokienez, azpimarratzekoa da Estatutik etorritako turisten kopurua nabarmen hazi dela, Gaztelugatxera egindako bisiten %70,4 izatetik %90,4 izatera igaro baitira. Era berean, atzera egin du atzerriko bisitarien kopuruak: iaz bisiten %29,31 izan ziren, eta aurten, berriz, %9 baino zertxobait gehiago. Datu horrek ezin hobeto frogatzen du Gaztelugatxek ere igarri dituela Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz turismo-fluxuetan gertatzen ari diren aldaketak.

Estatutik etorritako bisitarien artean Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorritakoak nabarmentzen dira, egindako erreserben %20,65. Atzetik daude Madrildik (%19,78) eta Kataluniatik (%14,26) iristen direnak. Atzerritarren artean gehienak Frantziatik (% 41,33), Belgikatik (%6,37) eta Alemaniatik (%5,48) etorritakoak dira.