BILBO. Koronabirusak eragingo dituen ondorio ekonomiko larriei erreparatuz, Bizkaiko Foru Aldundiako Gobernu Kontseiluak neurriak hartzea erabaki du. Neurri berri hauek martxoaren 17an onetsi zirenen osagarriak dira, eta autonomoei, enpresa txikiei eta mikroenpresei laguntzea da bere helburu nagusia.

Neurriak bihar (apirilaren 29a, asteazkena) agertuko dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Nolanahi ere, dagoeneko ezarri dira www.bizkaia.eus web orrian, eta BizkaiUP aplikazioaren bitartez ere azter daitezke (aplikazio horretan koronabirusak sortutako larrialdiari buruzko informazio zehatza biltzen da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezartzen dituen neurri bereziak ere bai).

MALGUTASUNA HAINBAT ZERGA ORDAINTZEKO

Aldundiak gaur onetsi dituen neurriak aldi baterako dira; errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren arautegian eta Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean ezartzen diren epealdiei eragiten diete.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, ohiko etxebizitzaren tratamenduaren inguruko epealdiak aldatzen dira: besteak beste, etxebizitza-kontuen epealdia, ohiko etxebizitzan berrinbertitzeko epealdia eta eraikitzen ari dela erosten den ohiko etxebizitzako obrak amaitzeko epealdiak luzatzen dira.

Sozietateen gaineko zerga dela eta, mikroenpresek eta enpresa txikiek aitorpena aurkezteko epealdia luzatzen da. Gainera, 64.bis artikulua, ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzeari buruzkoa, aplikatzeko epealdiak malgutzen dira. Azkenik, zergadunek epealdi luzeagoa edukiko dute berrinbertitzeko eta inbertsioak gauzatzeko.

Halaber, gaur onetsitako foru dekretu arauemaileak berrikuntza bultzatzeko Europako funtsen eta jarduera ekonomikoaren finantzaketa eta ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsen tratamenduaren epealdiak ere aldatzen ditu (denen inbertsio-aldia luzatzen du), eta berrikuntza bultzatzeko maileguen gabealdia luzatzen du.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergara etorrita, tasa murrizturi heldu ahal izateko ohiko etxebizitza okupatzeko ezarritako epealdia luzatzen da, eta zerga honen kargatik salbuesten dira COVID-19 birusaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko ezohiko presako neurriei buruzko 8/2020 Errege Lege-Dekretuaren itzalpean egiten diren mailegu-berritzeak formalizatzeko eskriturak.

Azkenik, 3/2020 Foru Dekretu Arauemaileak gaikuntza ematen dio Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuari zordun handien zerrenda noiz argitaratuko den zehazteko. Zerrenda hori argitaratzeko Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean ezartzen diren jakinarazpen-prozedurak eta alegazio-prozedura bete beharko dira.