- Udaletan, eskualdeko merkatarien elkarteetan, egoitzetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan diartuten pertsonen babesa areagotzeko, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak 1.780 protekziozko bisera banatuko ditu hurrengo egunotan, Gernikako Maier Kooperatibak egindako dohantzari esker.

Mireia Elkoroiribe, Amankomunazgoko presidenteak, azaldu zuenez “egun hauetan beren lana egiten ari diren pertsonak babestea da helburua, beren eguneroko jarduerarekin ahalik eta segurtasun handienarekin jarraitu ahal izan dezaten”.

Atzo hasi zituzten 1.780 biseren banaketa lanak eta udaletan, eskualdeko merkatarien elkarteetan, egoitzetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan dauden pertsonei emango zaizkiela adierazi zuen. Era berean ekimen solidario honekin erakutsitako konpromisoa, dedikazioa eta elkartasuna eskertu nahi izan zuen Elkoroiribek Gernikako Maier Kooperatibari, eskerrak emanez osasun egoera larri honetan emandako laguntzarengatik eta horrelako ekimen boluntario eta altruistekin lanean ari diren pertsona eta enpresa guztiak gogoan izanik.

Elkoroiriberen esanetan “egun hauetan hainbat izan dira ezagutu ditudan ekimen solidarioak. Polita eta garrantzitsua da horrelako egoeran bakoitzak bere onena ateratzea. Zalantza barik, jarrera honek osasun larrialdi egoera hau arinago eta hobeto gainditzera lagunduko gaitu”.

Bestalde, Durangoko Amangokumazgoak egoera konplexu honetan mendekotasuna duten pertsonen senide zaintzaileen ahalegina eta dedikazioa ere omendu ditu eta ostiral arratsaldeko txaloak beraiei zuzendu zizkieten.

Osasun krisia hasi zenetik, Zaindu Zerbitzuak etengabeko jarraipena egiten jarraitzen du telefono bidez eta behar duten laguntza zuzentzen.

Horrela, programa honetan dauden 50 senide zaintzaileak lagun-tza psikologikoa edota aholkularitza jasotzen ari dira, bai mendeko pertsonak zaintzeko, bai autozaintzarako eta konfinamendu luzea eramaten lagunduko duten estrategiak erraztuz. WhatsApp bezalako sareen bidez ere, familiei laguntzeko materiala ematen ari dira, jarduera ezberdinak egin ahal izateko eta nork bere burua zaintzeko zenbait jarraibide emada.