BILBO. Azterketa gainditzen duten pertsonak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko osasun-laguntzaileen aldi baterako lan-poltsan sartuko dira. Ariketaren kalifikazioak eta erantzunen plantilla gaur ezagutuko dira, irakurketa optikoaren bidez egingo den zuzenketa-prozesua amaitu ondoren. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen webgunean kontsulta daitezke: www.ifas.bizkaia.eus.

Deituta dauden 126 plazak hainbat sarbide-txandatan banaturik daude, bai barne-sustapena garatzeko eta bultzatzeko, bai ezgaitasunen bat duten pertsonen laneratzea ahalbidetzeko. Honela daude banaturik: plazarik gehienak, 83, eskaintza librekoak dira; 5, ezgaitasunen bat duten pertsonen txandakoak; 43, barne-sustapenekoak; eta 5, ezgaitasuna duten pertsonen barne-sustapeneko txandakoak.

Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako plazetan sartzeko txandarako (txanda librerako eta barne-sustapenerako txandarako) 62 hautagai daude. Hala eskatu duten guztientzat, hautaketa-prozesua haien premiei egokiturik egongo da, bai denborari dagokionez, bai materialei dagokienez, eta proba egingo den pabiloiaren gune berezi eta mugatu batean egingo da.

Azterketa teorikoa 50 galderako test bat izan da; erreserbako beste 10 galdera ere izan ditu, gai-zerrendan jasotzen diren gaiekin lotuta. Horretarako, ohiko txandako lanpostugaiek 90 minutu izan dituzte. Ezgaitasunen bat duten pertsonen txandari dagokionez, Gizarte Ekintza Saileko Balorazio Atalak zehazten duen denbora izan dute, hots, 135 eta 180 minutu arteko denbora.

Azterketak behar bezala egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza sailak 50 laguneko talde bat koordinatuko du, guztiak ere Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileak, antolaketa lanetan laguntze aldera borondatez izena eman dutenak. Probetako zaintza-lanen ardura izan dute, baita aurkezten diren pertsona ezinduei arreta, informazioa eta laguntza eskaintzekoa ere. Operatiboak ebakuazio- eta larrialdi-taldeak, osasun-taldeak eta Epai-mahaiari helaraz dakizkiokeen premia guztietarako laguntza-langileak ere baditu.

Azterketan ezin izan da ezelako gailu elektronikorik erabili, ezta erlojurik edo lehia desleiala sor dezakeen bestelako objekturik ere. Antolatzaileek ematen duten materiala baino ezin izango da baliatu. Bi led pantaila jarri dira, azterketa egiten ari diren pertsonak probak amaitu arte denboraren joan-etorriaren jakinaren gainean egon daitezen.