BILBAO. Edizio honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko 58 udalerriren lana koordinatu du; guztira urri osoan zehar garatuko diren doako 200 jarduera inguru programatu dira.

Programaren barruan era askotako eta jende guztiarentzat diren jarduerak agertzen dira. Batzuen kasuan "eszenatokia" Arkeologi Museoko eta Euskal Museoko balkoiak dira eta "Balkoitik balkoira" jardueran bertsolariek bat-batean bertsoak botako dituzte balkoi horietatik.

Herritarrek beste era askotako jarduerekin gozatzeko aukera izango dute, adibidez Bereterretxeren Kantoriaren eszenatoki monumental bihurtuko den Muñatones Gaztelukoarekin. Eta el Pobaleko burdinolan ingudearen eta dultzainaren soinuak tartekatuko dira melodia tradizionalak berreskuratuz.

Kanta eta kalejiradun erromeriak eta jaiak egongo dira Amorebietata-Etxano, Getxo, Sestao eta Bilbon.

Errepertorio horien barruan kasu askotan jokoak eta kirolak sartzen dira, hala ludikoenak diren eretan (besteak beste umeen jokoak Aulesti, Abanto-Zierbena, Getxo eta Gorliz moduko herrietan) nola bertsio profesionalean edo federatuan. Pilota eta jokatzeko bere toki naturala, pilotalekua, edo hain tradizionalak diren lekuetan jokatzen den bola-jokoa protagonistak izango dira Berriz, Barakaldo, Gernika, Gordexola, Karrantza eta Ugao-Miraballesen.

Antzina santutegietara eta elizetara erromes moduan egiten ziren bide zaharrak egingo dira, Urkiolan dagoen Atxarte bezalakoa, edo Galdamesen Urallagako kobazulo mitikoraino iristen dena, hau da, izen bera duen baseliza dagoen tokiraino. Beste ibilbide batzuek balio sinboliko eta kultural itzeleko gailurretara eramango gaituzte, berbarako hainbeste mito eta abestiren sortzaile izan zen Gorbeia eta bere gurutze historikoraino.

Edizio honetan programaren atal garrantzitsua jaietako errituak dira, adibidez Bermeko Madalen Egunaren ingurukoak; kasu honetan teila uretara jaurtita Izaro uhartea herriarena dela gogorarazteko uztailaren 22an egiten den itsasontzien irteera tradizionala errepikatuko da. Hor ditugu, halaber, Elorrioko Errebonbilloak eta euren alardea; Orozkoko Gaztaina Eguna; Sopelako Munarrian egiten den alorren eta soroen bedeinkapena bezalako erritual magikoak; Zallako Zariketeko San Pedron sorginkeriei aurre egiteko esaten diren araoak; Galdakao eta Gordexolako erromeriak; Muxikako Saragiaren Hileta eta Urduñako erraldoiak eta buruhandiak; edo Zamudioko Arimen Gaua edo Gau Baltza. Horiek guztiak urriko Ondarearen Europako Jardunaldian aurkituko ditugun proposamenetako batzuk baino ez dira.

Jai-jarduera berezia da Institutu Txinatar Japoniarrak antolatuko duena; erakunde honek kultura txinatarrean, japoniarrean eta euskaldunean erkideak diren txalaparten, sokatiren eta bestelako talde-adierazpen batzuen erakustaldia egingo du.

Halaber heriotzari lotuta dauden errituak ezagutzeko aukera egongo da, Durangaldea bezalako tokietan 70eko hamarkadara arte iraun zutenak. Garaik andabideak eta argizaiolak eta jasarlekuak moduko objektuak ezagutu ahal izateko bisita gidatuak eskaintzen ditu. Berangok Gerra Zibilaren urte gogorretan lubakietan eta erretagoardian abesten ziren kantak eta egiten ziren jokoak ezagutzeko aukera emango digu. Eta Gorlizen, Itsas-Sanatorioaren mendeurrena ospatzen dela aprobetxatuz, gaixo eta osatzeko prozesuan zeuden umeen jolasak eta jokoak erakutsiko dizkigute.

Beste alde batetik, jakin dakigu jaiak eta erromeriak makina bat adierazpen artistiko eta piktorikoren sortzaile izan direla, gure arkitekturetako hormetan eta museo eta galerietako hormak apaintzen dituzten koadroetan agertzen direnak. Adibide moduan Bilboko Itsas Museumean dagoen talde-hormairudia daukagu. Pintorea eta ontzi-modelista den Esteban Bermejok jendeak ere parte hartuta erriberako zurgintzaren gaia izango duen formatu handiko hormairudia egiteko beharrezkoak diren diseinua eta zirriborroak prestatuko ditu.

Errepertorioak eta horien zaintza

Urriko programak, halaber, azterlanen eta inbentarioen bidez errepertorio horiek, XVIII. mendetik aurrera bildu diren herri-kantutegietatik gaur egungo argitalpen digitaletara arte, erregistratu eta sistematizatu dituzten artxiboek, museoek, elkarteek eta taldeek egin duten lana erakutsiko du. Horrela Bizkaiko Foru Liburutegiak adierazgarrienak diren bere kantutegietako batzuk erakutsiko ditu eta Derion dagoen Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboak bere argazki-bildumak.

Ramón Oleaga bildumazale pribatu bilbotarrak igarotako garaietako bizkaitarren soziabilitatea erakusten duten estanpak eta mapak plazaratuko ditu. Beste alde batetik, Ugao-Miraballesen Javier García Rodrigoren artxibo partikularreko ikus-entzunezkoa proiektatuko da, udalerriko tradizioak eta ohiturak jasotzen dituena.

Aldi berean publiko interesdunak aukera izango du lehenengoz sozietate eta klub pribatu batzuk bisitatzeko, besteak beste ehun urte dituen Club Cocherito de Bilbao eta zezenen munduari lotuta dauden bere pieza artistikoak, eta Sociedad Filarmónica eta oraintsu berrituta dagoen bere egoitza, Fidel Iturria arkitektoak 1904an diseinatu zuena.

Errepertorio edo adierazpen kultural guztiak testuingurua ulertzen eta interpretatzen duten objektu batzuei lotuta daude: musika-tresnak, soinekoak eta oinetakoak, piezak, atributuak eta apaingarriak, jostailuak? dira. Pieza horiek guztiak erakutsi egingo dira, batzuk kasu honetan ikusteko zaharberrituta eta aztertuta. Hori da, adibidez, Iparragirre bardoaren gitarrarekin egin dena Gernikan jarduera bateko protagonista izan dadin, edo Markina-Xemeingo kaleetan erakutsiko diren dantzetako soinekoekin. Horixe bera egingo da Urduñan ere, kasu honetan eszenatokira partitura, idazki eta musika-tresna zaharrak aurkeztuta.

Belaunaldiz belaunaldi iraunkor bihurtu diren objektuak eta errepertorioak, jakiteak eta ezagutzak, teknikak eta gaitasunak plazaratu egingo dira jardunaldi hauetan. Aurreko horren adibide bat Durangon eta Berriatuan entzun ahal izango diren kanpaien soinuak dira.

Halaber, Orozko, Otxandio eta Zeanurin, txakolin-bonbillak eta txakolina hotz edatearen artea ezagutuko ditugu; Bakion, bodega bat bisitatuko da eta ia ahaztuta dauden txakolindegiak gogoratuko dira. Balmasedan trenbideetan erabiltzen ziren lapikoetan, putxeretan, prestatutako plateren dastatze herrikoia egingo da.

Erritu eta jakite horiek guztiak plazaratzeko tokiak ere kanpainako protagonistak izango dira: Portugaletekoa bezalako musika kioskoak; Basaurikoa moduko antzokiak; Gernikako pilotalekua; Karrantzako probalekua eta zezenketak egiteko esparru batzuk, adibidez Artzentales eta Turtziozkoa eta Bilboko Vista Alegre plaza.

Une honetan derrigorrez gogoratu behar da akademia eta ikastetxeen lana, horien artean Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioarena; laster horren mendeurrena ospatuko da eta edizio honetan bere ateak irekiko ditu bere luteria eskola erakusteko.

Jarduerak aurrez erreserbatu behar dira

Jarduerak egiteko derrigorrezkoa da aurrez erreserba egitea horien guztien antolatzaileekin emailez edo telefono bidez kontaktuan jarrita.

Datu hauek Ondarearen Europako Jardunaldiak 2019 katalogoan kontsulta daitezke, eta baita esteka honen bidez ere: www.bizkaikoa.bizkaia.eus/jep.