BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak Youtubeskolak izeneko ikastaroak antolatuko dituzte urrian YouTuben euskararen erabilera sustatzeko asmoz; izan ere, Youtube gazteek euren aisian ikus- entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat da. Basauri, Durango eta Zornotzako udalekin eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan burutuko da Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmoa. “Euskara bizi bizirik daukagun hizkuntza bat da eta oraindik jende askok botila erdi beteta ikusten du. Hori dela eta, ekimen hau martxan jarri dugu. Ondo pasatzeko eta euskara YouTuben egon dadin”, adierazi zuen Youtubeskolaren aurkezpenean Lorea Bilbaok, Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak.

Gazteek benetako youtuberrak bihurtuko dira zortzi orduko jaurdinaldi batean. “Alde teoriko bat izango dute eta beste alde praktiko”, jakinarazi zuen Iurdana Acasusok, Azkue Fundazioko zuzendariak. Ekimenean parte hartuko dutenek YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko aukera izango dute. Horrela, parte hartzaileek bideo bat diseinatzeko, garatzeko eta argitaratzeko behar diren gaitasun teknikoak eskuratuko dituzte.

Udalerrietan bi lantegi egingo dira, eta bakoitzak 15 plaza izango ditu. Eskaerak plazak baino gehiago balira, zozketaz izendatuko lirateke. Zozketak tokian tokian kudeatuko lirateke. Youtubeskolak.eus webgunean udalerri eta mankomunitateekin harremanetan jartzeko kontaktuak biltzen dira.

Lehiaketa eta jaia

Youtubeskolak proiektuaren baitan, Youtube bidezko lehiaketa bat urriaren 28an abiatuko da, euskaraz, eta Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzak zuzenduta . Parte hartzeko, hartzaileek gai zehatz baten inguruko minutu erdiko bideo bat egingo dute, eta objektu eta esaldi batekin osatu beharko dute. “YouTube asko kontsumitzen den tresna bat da eta bizkaitar gutxi gaude. Uste dugu aukera ezin hobea dela gazteak mundu honetan sartzea eta gainera euskaraz aritzea ”, esan zuen Ane Atxutegik, youtuber bizkaitarrak.

Gazteek aukera izango dute Atxutegik eta Iban Garciak , biek ala biek proiektua sustatzeko abiatutako kanpainaren irudia osatzen duten youtuberrekin lan egiteko. Azkenengo honek, esperientzia hau “mundiala eta bakarra izango dela”, aitortu zuen.

Bideoak Garciak eta Atxutegik aztertuko dituzte eta sari ezberdinak egongo dira irabazleentzat. 13-14 urte bitartekoentzat garaikur bat eta 15-16 urtekoentzat beste bat. Gainera, hirugarren sari bat ere egondo da, Youtuber Bizkaitarren Bideorik Onena. Lehenengo bi irabazleek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta azkenengo honek, berriz, GoPro Hero 7 Black kamera.

Parte hartu nahi duten gazte guztiek youtubeskolak.eus webgunearen bitartzez izena eman beharko dute eta haien YouTube kanaletan bideoa igo, gero lehiaketara aurkezteko. Gainera, nahi beste lan aurkez dezakete, banaka edo taldean.

Azkenik, irabazleak jai batean iragarriko dira azaroaren 30ean, Euskararen Etxean, Bilbon. Sari- banaketa ere bertan egingo da.