BILBO. ‘Jaietan ere, neure aukera’ da Bizkaiko Foru Aldundiaren jaietan sexu-erasoen aurkako kanpainaren leloa. Ana Urrutia kazetaria izango da aurtengo protagonista.

Mezua hainbat sare sozialetan eta kanpoko espazioetan zabaltzen ari da garraio publikoko lineen bitartez. Lineak beren beregi hautatu dira Bizkaiko udalerrietako jaiekin bat egin dezaten.

Aipatutako leloarekin batera, beste mezu batzuk agertuko dira, honako hauek besteak beste: ‘Yo decido cómo me visto y con quién me desvisto, jaietan eta beti’, ‘No bailo para ti, bailo para mí’, ‘Kaleak eta gauak gureak ere badira’ eta ‘Nire gorputza nirea da’. Gainera, #NeureAukera #YoElijo traola izango du.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak azaldu du emakumeen askatasunaren aldeko kanpaina dela, baina arreta berezia jarri nahi dela uda osoan zehar egongo diren jai-gune eta jaietan.

"Dagoeneko ez dago inolako zalantzarik eta ez dago besterik esaterik; emakumeok ere badaukagu eskubidea jaietan ibiltzeko eta gaueko aisialdia pozez gozatzeko nahi dugunarekin, beste guztiek bezala. Eta Auzitegi Gorenak oraintsu eman duen epaiak argitzen duen bezala, sexurako adostasuna argia eta berariazkoa izan behar da. Baiezkoa ez den guztia EZEZKOA da", azaldu du.

DATUAK

Euskadiri dagokionez, Ertzaintzak eta udaltzaingoek adierazi dute sexu-askatasunaren kontrako delituak geroz eta gehiago direla: 2017an 530 gertatu ziren eta iaz 711 (%34 gehiago). Bizkaian, 2017an sexu-askatasunaren kontrako 270 delitu gertatu ziren eta 2018an 339; beraz, kopurua %25,5 gehitu da.

Fiskaltzaren Memorian azaltzen da Espainiako espetxeetan 2017an 3.214 gizon zeudela preso sexu-askatasunaren kontrako delituengatik; kopuru hori espetxeratuta dauden gizon guztien %7,01 da (guztira 45.301 gizon daude espetxeetan).