Síguenos en redes sociales:

Txomin Agirre ikastolak ekitaldi bereziak prestatu ditu bere 50 urteurrena dela eta

Kultur, kirol, hezkuntza eta tradizio ekitaldiak dira hain zuzen, ikastolan bertan zein ikastolatik kanpo

Txomin Agirre ikastolak ekitaldi bereziak prestatu ditu bere 50 urteurrena dela etaTxomin Agirre

BILBO. Ondarroako Txomin Agirre ikastolak ekitaldi bereziak prestatu ditu ikasturte osoan zehar, bere 50 urteurrena dela eta. Kultur, kirol, hezkuntza eta tradizio ekitaldiak antolatu ditu, hain zuzen, eta ikastolan bertan zein ikastolatik kanpo hainbat hitzaldi, adituek gidatutako jardunaldiak eta erakusketak egingo dira.

Ekitaldiak joan den asteazkenean hasi ziren. Ikastolaren jaiotzaren oroitzapena egiteko, Txomin Agirreko Guraso Elkarteak "Animen Gaua" berreskuratu zuen, antzina herrian ospatzen zela jakin ostean. Musika Eskolako ikasleen laguntzarekin kalejira egin zen, eta ondoren, txokolatada; bere buruaz beste egin zuen Ekai 16 urteko gazte ondarrutar transexualaren bizitzari buruzko dokumentala egiten laguntzeko erabiliko da txokolatadan bildutako dirua.

Txomin Agirre ikastola Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko kidea da, Bilboko Gotzaindegiaren agindupean, eta Bizkaiko ikastola zaharrenetarikoa da. 1968an sortu zen, ikastolen mugimenduarekin bat, euskarari bultzada eman eta euskaraz ikasi nahi zuten ikasleen eskaeraz arduratzeko. Ikastolak Txomin Agirreren izena darama, apaiz eta idazle ondarrutarra, Euskaltzaindiako kidea eta "Auñemendiko Lorea" edo "Kresala" bezalako lanen egilea.

Orain, "Bizkaiko ikastola berritzaileenetarikoa izatera" eraman duen hezkuntza ibilbidea ospatzea du helburu, eta, aldi berean, "gizarteari eta inguruari ikastolako hormak zeharkatuko dituzten balore eta hezkuntza tresnak eskaintzea", esan du Alaine Solabarrieta ikastolako zuzendariak. Horrela, ikastolak hezkuntza arloko aditu famatuak gonbidatuko ditu publikoari irekitako hitzaldiak eskaintzeko. Aditu horien artean Roberto Aguado psikologo klinikoa izango da. Aguado aditua da hezkuntza emozionalean, eta, bere hitzaldian, txiki, gazte eta nerabeen gogo aldartea eta emozioak ulertzen lagunduko die familiei. Izan ere, hezkuntza emozionala Txomin Agirre ikastolako pedagogia ardatzetako bat da, eta ikasleen ikasketa garapena hobetzera bideratuta dago. Hitzaldiak, beste ekintzen antzera, doakoak eta herri osora irekiak izango dira.

ASTE TEMATIKOAK

Halaber, Ondarroako ikastolak hiru aste tematiko antolatuko ditu, kirolari, kulturari eta zientziari zuzenduak. Kirol astean kirolari profesionalak izango dira, eta aste kulturalean, oraindik zehaztu gabe dauden arren, kazetariak, idazleak, bertsolariak, sukaldariak, musikariak eta aktoreak hurbilduko dira ikastolara. Zientzia astean, mediku espezialistak, ikertzaileak edota emakume zientzialariak gonbidatu ditu ikastolak.

Gainera, publikora zabaldutako ekintzen artean, ikasketaren ospakizunak nabarmentzen dira. Ikasleek hiruhilekoan zehar landutako proiektuen emaitzak aurkeztuko dituzte. Proiektuok Ulermenerako Irakaskuntza metodologiapean egiten dituzte. Harvard Unibertsitatean sortutakoa hezkuntza metodologia da, betiko azterketak eta testu liburuak ezabatzea ahalbidetzen du, eta duela bi urte ezarri zen Txomin Agirre ikastolan. Ildo horretan, unibertsitate estatubatuarreko adituek ikastola bisitatu dute aste honetan metodologiaren ezarpena aztertu eta gainbegiratzeko.

Azkenik, Ondarroan izandako hezkuntza ibilbidea berrikusteko argazki erakusketa antolatuko du ikastolak. Alamedan ikusi ahal izango da 2019ko otsaileko aste oso batean. Kokagune berean, ikasleek robotika eta programazio erakusketa bat eskainiko dute maiatzean. 50. urteurreneko ospakizuna 2019ko ekainean bukatuko da, ikastolako ikasle ohien biltzar eta afariarekin.