BILBO. Black Market Karma Londresko banda bat da. 1960ko hamarkadako eragina duen psikodelia eta pop musika egiten du, ekialdeko musika, folk, northern soul eta blues soinuekin nahastuta. 1990ko hamarkadako shoegaze eta dreampop soinu atmosferiko eta distortsionatuen eragin dauka.
The Velvet Underground edo The Beatles taldeen sixtie soinuen eta Spacemen 3 edo Brian Jonestown Massacre moduko banden psikodelia berriaren nahasketa dira Londresko taldearen abestiak. "Izaera oso markatuarekin eta soinu sendo eta bikain definituarekin, bake eta zorion espiral hipnotiko batean murgilduko gaituzte", adierazi dute antolatzaileek.
Bestalde, Los Amantes hirukotea Patricia Escoin artistaren proiektu berria da. Power pop, punk, rock alternatiboa eta garajea maneiatzen dute. "Sendoak eta irmoak, melodia bikainak, primerako leloak eta abesti freskoak eta borobilak", nabarmendu dute.
Aries edo Isabel Fernandez Reviriego izango da kontzertua hasteko arduraduna. Punk espiritua zuen Charades pop taldeko burua izan zen, baina etapa hori jada iragana da, eta ordutik bakarka dabil, Aries izenarekin. Hamar herrialdetan baino gehiagotan jo du eta "elektronika, pop esperimentala eta 1960ko hamarkadako melodia kaleidoskopiko disdiratsuak batzen dituen proposamen zirraragarria sortu du".