derio - Orain dela lauzpabost hilabete murgildu zen ikerketa genealogikoaren munduan, Balendin Lasuen eragile kulturalaren eraginez. “Nire arbolaren zati bat egina zeukan eta hitz eman nion hamaseigarren abizenetik hogeita hamabigarrenerartekoak aurkituko nituela”, konta-tzen du Rosa Maria Legarretak, jubilatutako irakasleak. “Horretan nabil, naiz eta datu batzuk zintzilik ditudan oraindik; izan ere ez dut behar beste denbora igaro-tzen ikerketan”, onartzen du Gamiz-Fikako emakumeak.

Erregistro zibilean eta Ícaro Zentroan ibili izan da, alde batetik bestera, iturri biak lotzeko: zibila eta elizakoa. Erdiespenak ugariak izan dira: “Ez da bakarrik aitaren aldeko aitona eta amona nortzuk izan ziren jakitea lortu dudala, baita zenbat seme-alaba izan zituzten ere, nik ezagutzen ez nituenak. Lehen haurra, adibidez, jaio eta hurrengo egunean joan zitzaien”, adierazten du, bere gertuko familiaren aurkikuntza baliagarri gisa.

“Badakizu zer den nire erraiak hor jartzea? Ikaragarrizko zirrara sortzen du. Gauza bat da besteena ikertzea, baina norberarena denean... Emakumea eta ama naizenez gero, ikaragarrizko inpresioa sortu zidan haiek andra gajoak nola erditzen zuten pentsatzeak”, dio irakasle jubilatuak. “Nire historia aztertzen dut, baina ez hari batetik tiraka, baizik eta hurbil egon diren pertsonen inguruko gauzak jakiteko. Nire bizitzaren sustraiak aurkitu ditut, ez bainaiz ezerezetik hasten, hor badaude pertsona batzuk zerikusia izan zutenak. Atzera begiratu beharra dago nondik zatozen eta nora zoazen jakiteko”. - A. A,