Juan Mari Beltranek Euskal Herri musika eta soinu tresnak deituriko kontzertu didaktikoa eskainiko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian gaur, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Txanbela, arrabita-rabela, xirolarrua, zarrabetea, tronpa, txalaparta, alboka, dulzaina, txistu-danbolina eta xirula-ttunttuna jotzen dituen Beltranekin batera, Ander Barrenetxea (panderoa, txalaparta, danborra, ahotsa, arxaluak eta ttipiuntzia) eta Andoitz Antzizar (trikitixa, ahotsa eta panderoa) izango dira eszenatokian. Ekitaldiak, euskal kanta, doinu, dantza eta soinu tresnen hotsen bitartez euskal herri musikaren zenbait alderdi erakustea du helburu gaurko ekimena. Kontzertuan zehar Euskal Herriko musikaren barneko alderdi batzuetara hurbiltzeko aukera izango da eta Euskal Herriko zenbait eskualdetako ospakizun publiko nahiz familiarretan erabiliak izan diren soinu tresnak eta musikak entzun ahal izango dituzte bertaratzen diren orok.