gernika-lumo. Bihartik eta martxoaren 22ra arte, elikadura osasuntsuaren aldeko egitasmoa antolatu dute Gernika-Lumoko Allende Salazar Eskola Publikoan. "Umeen gizentasunaren arriskuaz" ohartarazteko, guraso elkarteak, Osakidetzak, Eskola Agenda 21 ekimenak eta hezkuntza zentroak bat eginik, Athletic Club taldeko zenbait jokalari izango dira bihar egitasmoaren laguntzaile.

Arratsaldeko 15:30etan izango dira jokalari zurigorri batzuk Allende Salazar ikastetxeko gimnasioan. Orduan emango zaio hasiera asteko kanpainari. Zehazki, "atsedenaldietarako produktu osasuntsuak eramatera animatuko ditugu eskolako ume guztiak", azaldu dute Eskola Publikoaren Guraso Elkartetik.

"Haur Hezkuntzaren kasuan (2 urtetik 5era), Guraso Elkartea arduratuko da egunero banatzen den gaileta ordezkatuko duen ogia eta fruta eramateaz", gaineratu dute. Hala ere, datozen urteetan segida emateko jaio den egitasmoa dela nabarmendu dute antolatzaileek.