Ingurugiroarekin bat
Bakioko umeek arbolak landatzen ospatu dute Zuhaitz Eguna
Malen, Maider edo Elene parte hartutako ikasleetariko batzuk izan ziren. Hirurak sei urte dauzkate eta bakiotarrak dira. Atzokoa, euren lehen bisita zen Bizilore elkarteak duen ortua ikustera. Eskolarekin egin zuten bidaia eta helburua zuhaitz berriak landatzea zen. "Guk ez ditugu landatu, ikusten egon gara, baina asko ikasi dugu", zioten sei urteko hiru neskatxak. "Guri gurasoek beti esaten digute ingurugiroa zaindu egin behar dugula eta gaur horretan ibili gara". Eskolan bertan konpostadoreak erabiltzen dituzte, esaterako.
Bakioko Urkitza eskolako umeek Zuhaitz Eguna ospatu zuten atzo, Udala eta Bizilore elkartearekin batera. "Lehenengo, eskolan bertan izan dugu hitzaldi bat. Han, Bakioko inguruan ditugun txoriei eta zuhaitzei buruzko eztabaida izan dugu eta ondoren txikienen txanda heldu da", zioten antolatzaileek. Haurreskolako umeek fruitarbolak landatu zituzten, saskibaloi zelaiaren inguruan; hurritza eta laranjondoa, hain zuzen ere. "Kabia bat ere utzi dugu handik, eta datorren astean beste bost eramango ditugu". Jaiarekin jarraituz, umeek frutazko brotxetak dastatu zituzten ere.
Nagusiek, lehen hezkuntzako 63 umeek, txangoa prestatu zuten eta Bizilore elkarteak duen landara hurbildu ziren, Larrondoko askaldegiaren inguruan. Han, Matilde Lopategi bezalako emakumeek zuhaitzak zaintzeko erak azaldu zizkieten. "Gaur egungo umeek ez dituzte ortuak ezagutzen. Gure filosofiaren barruan, ditugun landare mota propioen berri ematea oso garrantzitsua da, baita belaunaldi berrietara ere hurbiltzea", zioten Biziloreko andreek. "Gure etxera, Bakioko Uriarte baserrira, askotan etorri dira Bakioko eskolako umeek eta aurten ere horrela izango delakoan gaude. Han taloak prestatzen ikasiko dute, besteak beste. Batzuk ez dakite ezta esnea behietatik datorrela ere, uste dute kajetan datorrela", zioen Matilde Lopategi, Bakion bizi den nekazaria.
Bizilore elkartearen landan, Urkitzako ikasleek haritza, pagoa, urkia edota gereziondoa, besteak beste, landatu zituzten. Bisita hasi aurretik mandarinak eta platanoak banatu zituzten irakasleek eta azalak Bizilorek dituen konpostadoreetan gorde zituzten. Gainera, hazi ezberdinak nola landatzen diren ikusteko aukera izan zuten bakiotarrek, horretarako berotegia ere ezagutu zutelarik.