2025eko abenduaren 31n amaituko dira Bilboko Emisio Gutxiko Eremura (EGE) sartzeko A ingurumen-kategoriako ibilgailuei edo etiketarik gabekoei emandako moratoria gehienak. 

Data horretatik aurrera, ibilgailu horiek, ordenantzan jasotako salbuespenetan eta moratorietan izan ezik, ezingo dira sartu eta ezingo dute zirkulatu eta aparkatu EGEn.

Hau da, sartzen jarraitu ahal izango dute –B etiketa duten ibilgailuek bezala–, baldin eta 2024ko ekainaren 15a baino lehenagotik EGEn erroldatuta dauden egoiliarrenak badira, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen badituzte, ibilgailu historikoak badira, 50 cc baino gutxiagoko ziklomotorrak badira eta fabrikazioz gehienez 45 km/h-ko abiadura badute. Larrialdietako eta funtsezko ibilgailuek ez dute murrizketarik izango.

Era berean, moratoria (2030) izango dute eta libreki sartu ahal izango dira EGEn garaje-partzela edo DAR bereizgarria duten eta 1955ean eta aurreko urteetan jaiotakoak diren egoiliarren A eta B ibilgailuak, inbertsio gehigarria duten ibilgailuak, ezohiko jarduera eta ekitaldietakoak, eta pertsonak kontsulta eta tratamendu medikoetara garraiatzen dituztenak. 

Joan den ekainaren 16tik aurrera, B bereizgarria duten ibilgailuek ezin dute eremu horretatik zirkulatu, salbu eta EGEren logotipoarekin seinaleztatutako txandakako aparkalekuetan aparkatzeko sartzen direnek edo aurreikusitako salbuespen eta moratorietako batzuen onuradun izan daitezkeenek. 0, Eco eta C ibilgailuek ez dute murrizketarik izango.

AIREAREN KALITATEA

Urtarrilaren 2tik aurrera EGEan hasiko den fase berriaren aurkezpenean, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotziak gogorarazi du funtzionamenduko lehen urtearen ondoren egindako txostenak joera positibo batean kokatzen gaituela eta jarraitu beharreko bidea markatzen digula".

"Izan ere, azken hilabeteei dagozkien datuek agerian uzten dute airearen kalitatearen hobekuntza finkatu dela eta eremura sartzen diren ibilgailuen kopurua murriztu dela, urteko lehen txostenaren ondorioen ildotik", aurreratu duenez.

Bestetik, urteko txosten ofizialak adierazten duenaren arabera, trafikoarekin lotutako agente kutsatzaile nagusien mailek (NO2, PM10 eta PM2,5) joera positiboa erakusten dute Europar Batasunak 2030erako ezarritako jarraibideak betetzeari dagokionez.

Ordenantza berria abian jarri den lehen urtean zehar, Emisio Gutxiko Eremuan NO2 partikulak % 6,7 murriztu dira, PM10 partikulak % 23,6, eta PM2.5 partikulak % 22,8.

EGEaren barruan, kanpoan eta mugan egindako neurketen batez bestekoek adierazten dute aztertutako kutsatzaileen kontzentrazioen hobekuntza hiri osoan gertatzen dela oro har.

Gainera, EGEa martxan jarri zenetik, ez da ordu bakoitzeko NO2-maila gainditu, eta PM10 eta PM2,5 mailak nabarmen jaitsi dira.

IBILGAILU GUTXIAGO

Bestalde, iraileko azken datuen arabera, Bilboko EGEra 49.306 ibilgailu sartu ziren egunean ordutegi arautuan, batez beste, sarbideetako kamerek erregistratutako matrikula-irakurketen arabera. Egokitzapen-aldiko lehen 3 hilabeteetan (2024ko ekainetik irailera) batez beste erregistratutako 53.709 ibilgailuekin alderatuta, % 8ko jaitsiera izan da.

Ingurumen etiketaren arabera EGEra sartu diren ibilgailuen tipologiari dagokionez, bereizgarririk gabeko ibilgailuak nabarmen murriztu dira, 2022ko % 14tik 2025eko iraileko % 2,5era, eta B etiketa dutenak ere nabarmen jaitsi dira (% 34tik % 13,2ra). Aitzitik, nabarmen handitu dira ECO eta zero emisioko ibilgailuak, 2022an % 5,5 bakarrik izatetik 2025ean % 26 baino gehiago izatera igaro baitira. C ibilgailuak (berdeak) dira oraindik ere talderik handiena, % 54tik gorakoa.

Bilakaera horrek zera berresten du, trantsizio progresibo positiboa egin dela gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen flota baterantz, emisio gutxiko eremura sartzeko murrizketek eta ibilgailuen parkearen berrikuntza naturalak bultzatuta.

Muga-efektua aztertzeko, kanpoko perimetroan dauden kaleetako trafikoa ere aztertu da. Zehazki, Botikazar, Campo Volantín, Areatza, Autonomia eta Sabino Arana kaleetako trafikoa aztertu da; izan ere, EGEa martxan jarri aurretik egindako azterlanean aurreikusi zenez, gerta zitekeen eremu horietan trafikoa handitzea. Aldiz, kale horietako hirutan trafikoa murriztu egin da (Sabino Arana, Campo Volantín eta Botikazar), Autonomian apur bat handitu da, eta 92 auto gehiago daude egunean Areatzan.

Datu horiek aztertuta, ondoriozta daiteke oraingoz EGEk ez duela eragin muga-efektu garrantzitsurik, trafikoa oro har kale perimetraletara mugitu duenik.

“Ikusten ari gara herritarrak egokitzen ari direla lortu nahi dugun aldaketa modala, eta 2025ean Bilbobus erabiltzaileen errekorra hausten ari dela, eguneko 100.000 bidaiako kopurua gaindituz jardunaldi askotan, eta aurten, dagoeneko, erabiltzaile gehien dituen urtea izan daiteke 1996tik, 29 milioi bidaiara iritsiz", nabarmendu du Nora Abetek.