Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak beste urtebetez jarri dute martxan zaintza- eta kontrol-kanpaina bateratua Gabonetarako eta merkealdiaren hasierarako. Dagoeneko finkatuta dagoen dispositibo bat da, eta herritarren segurtasuna indartzea du helburu, poliziaren presentzia areagotuz eta prebentzio-jarduketak eginez aste horietan jende gehien biltzen den puntuetan.
Ohikoa denez, operatiboa data horietan ohikoenak diren delituen prebentzioan oinarrituko da, batez ere merkataritza- eta ostalaritza-jardueraren ondorioz jende asko biltzen den eremuetan gertatzen diren deskuidu-ebasketen eta lapurreten prebentzioan. Dispositiboa atzo hasi zen (ostirala, abenduak 12), eta urtarrilaren 18ra arte egongo da martxan.
Ondarearen aurkako delituak Bilbon erregistratzen diren delitu presentzialen % 70 inguru dira, eta, horien artean, gehienak ebasketak dira. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak urte osoan egiten dute lan modu koordinatuan inpaktua murrizteko, baina lankidetza hori une jakin batzuetan areagotzen da, hala nola abuztuan –Aste Nagusiaren inguruan– eta abenduan eta urtarrilean: sasoi horietan, erosketak, ospakizunak eta joan-etorriak ugaritzeak lapurretak gertatzeko arrisku handiagoa sortzen du.
Gabonetako kanpainan eta merkealdietan, ohikoa da saltokietan eta eremu publikoan ebasketak areagotzea, bai eta jende-pilaketekin, jai-ekitaldiekin edo bazkariekin eta afariekin lotutako deskuidu-lapurretak ere.
DISPOSITIBO BATERATUA
Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Gabonetarako eta Merkealdirako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, polizia-kidego biek urtero-urtero berritu izan dute. Oso emaitza onak izan dituzte, helburu behinena lortu baitute; alegia, Bilbon ebasketa- eta lapurreta-kasuen gorakada murriztea edo geldiaraztea.
Bilboko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan egingo da prebentzio-kanpaina, horrelako negozioen ordutegietan. Prebentzioa, beraz, bide publikoan egingo da; batez ere, oinezkoen guneetan eta jende gehien bildu ohi den lekuetan. Merkataritza- eta gaueko aisia-guneetan, hala nola Abandon, Indautxun, Zazpi Kaleetan edo Boluetan.
Plana abian jarriz eragotzi nahi diren delituak hauek dira:
- Ustekabean egiten diren ebasketak, eta tirakaden bitartez edo kontaktu fisiko bidez egiten diren lapurretak.
- Kalean engainuz egiten diren ebasketak (besarkada solidarioak).
- Indarkeria fisikoa eta/edo hitzez beldurraraziz egiten diren lapurretak.
- Banaketan zehar ibilgailuen barruan agerian utzitako objektuak lapurtzea.
- Saltokietan bildutako dirua ebastea, enplegatuak une batez alde eginda daudela baliatuz.
Zaintza eta kontrola asteko egun guztietan egingo dira, txandaka, eta patruila uniformatuak nahiz kale-jantzian doazenak arituko dira eginkizun horietan, oinez zein ibilgailuetan.
Nolanahi ere, hala Udaltzaingoak nola Ertzaintzak dei egiten diete herritarrei konturik handienarekin ibil daitezen jendetza handia pilatzen den dendetan eta kaleetan. Gainera, gomendatzen dute nork bere gauzak arretaz zaintzeko, poltsa edo bizkar-zorroa ondo itxita eroateko eta era susmagarrian hurreratzen zaizkigunez ez fidatzeko; lapurretak eta ebasketak saihestearren, betiere.
Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, aholkatzen da 112ra deitzea (Ertzaintza) edo 092ra (Udaltzaingoa).