Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du ostiralean

"Itsasoaren profilak" izenburupean, kontzertuaren egitarauak ozeanoaren indarrean eta lasaitasunean oinarritutako soinu-bidaia proposatzen du

Bilboko Udal Musika Bandak "Itsasoaren profilak" izeneko kontzertuarekin emango dio jarraipena 2025-2026 denboraldiari. Kontzertua abenduaren 12an, ostirala, izango da, 18:30ean, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioaneta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Emanaldia Andrea Gasperin italiar maisu ospetsuak zuzenduko du.

Bernardo Adam Ferreroren "Danses Valencianes" interpretatuko da, konpositorearen Levanteko sustraiei egindako omenaldia; Ennio Porrinoren "Nuraghi", Sardiniako misterio arkeologikoa atmosfera liriko eta epiko batekin lotzen duen lana; eta, azkenik, Frigyes Hidasen "Save the sea", itsas ekosistemen zaintzari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen duen pieza konprometitua. Itsasoaren indarraren eta lasaitasunaren, folklorearen eta ingurumena zaintzeko konpromisoaren arteko aukeraketa.

José Rafael Pascual-Vilaplana, Jan Cober eta Felix Hauswirth maisuekin tronpeta eta banda zuzendaritzan trebatua, Andrea Gasperinek orkestra-zuzendaritzako ikasketak osatu zituen Hagako eta Bruselako kontserbatorioetan. Italiako eta Holandako hainbat talderen zuzendari titularra izan da, orkestra sinfonikoetan eta opera-konpainietan zuzendari gonbidatua izateaz gain; gaur egun Brixiae Harmoniae Haize Orkestra zuzentzen du, Cullerako Ateneo Musikaleko zuzendari artistikoa da eta Cagliariko eta Milango kontserbatorioetako irakaslea.

Hitzordua ostiral honetan izango da, abenduaren 12an, 18:30ean, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Abenduaren 20an, larunbata, Bilboko Udal Musika Banda Euskalduna Jauregira itzuliko da "Gabonetako esentziak" lanarekin. José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari gonbidatu nagusiarekin eta Gurutze Beitia kontalariarekin, kontzertua ibilbide hunkigarria izango da, Tchaikovskytik Morten Lauridsenera, konponketa sinfonikoak dituzten gabonetako klasikoak barne. Jaien atarian, musika topaleku, emozio eta itxaropen partekatua izango da.