Bilboko Udalak, gaur egindako osoko bilkuran, Kulturaren Udal Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamendua onartu du. Hasierako onarpena eman eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 30 egun balioduneko epea irekiko da jendaurrean jartzeko, eta une horretan herritarrek egoki deritzeten alegazioak egin ahal izango dituzte.

Erregelamendua prestatzen Bilboko Udaleko Gobernu Taldeak eta oposizioko taldeek parte hartu dute. Prozesuan 34 zuzenketa aurkeztu dira, eta haietatik 19 osorik edo zati batean sartu dira dokumentuan.

Kulturaren Udal Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emailea da, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailari atxikia, eta hiriaren garapen kulturalari laguntzeko tresna egokia izan nahi du, Bilbon aritzen diren kultur eragile guztien parte-hartze aktiboa, inplikazioa eta erantzunkidetasuna bultzatuz.     

Bilboko Kulturaren 2023-2033 Plan Estrategikoan Udalaren eta Bilboko kultur sektorearen arteko lankidetza eta komunikazioa sustatzeko ezarritako ekintzen ondorioz sortu zen. Kontseiluak aholku-izaera dauka, eta informazio-, eztabaida-, proposamen-, kontsulta- eta aholkularitza-eginkizunak betetzen ditu udalaren kultur politikari dagokionez. Funtzio horiek behar bezala bete ahal izateko, Udalak beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknologiko eta juridikoak eskainiko dizkio.

Haren helburu nagusia izango da Bilboko kultur jarduerari buruzko hausnarketa bultzatzea, haren kalitatea, sormena, berrikuntza, aniztasuna eta kohesioa hobetzeko.  Hala, zeregin hauek hartuko ditu bere gain:

  • Kulturaren arloko udal-politika orientatzea, organo aholku-emaile gisa.
  • Egoeraren analisia egitea zenbait arlotan: ekipamenduak, eskura dauden baliabideen kudeaketa, kultur sorkuntzaren eta ekoizpenaren sustapena, kultur eskaintzaren programazioa eta kulturaren publikoak.
  • Bilboko Kulturaren 2023-2033 Plan Estrategikoaren eta Udalak bultzatutako gainerako kultur programen jarraipena eta ebaluazioa.
  • Kultura Sailaren helburuak berrikustea.
  • Udalaren kultur politikaren jarduera-ildo estrategikoak proposatzea epe ertain eta luzera.
  • Udalaren kultur politikari buruzko irizpenak eta gomendioak ematea (aukerakoak, ez lotesleak).
  • Bilboko Udalak, erakunde publikoek eta entitate pribatuek sustatutako ekimenen koordinazioa erraztea.
  • Kulturaren eremuan euskararen erabilera normalizatzea errazten duten neurriak sustatzea, bai eta eremu horretan genero-politika eta aukera-berdintasuna integratzea errazten dutenak ere.  
  • Herritarren inklusioa eta parte-hartzea sustatzea, aniztasun- eta kulturartekotasun-irizpideei erantzuteko. 
  • Kultur ekintzan jasangarritasunaren ikuspegia txertatzea, eta GJHak tokiko mailan lortzen laguntzea.

KULTURAREN UDAL KONTSEILUAREN OSAERA

Osoko Bilkura izango da Kontseiluaren organo gorena, eta kide hauek izango ditu: presidentea, presidenteordeak, idazkaria eta beste bokal batzuk, beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak (hala nola Bizkaiko Foru Aldundikoak eta Eusko Jaurlaritzakoak), kultur eremu pribatukoak, eta hirian kulturaren eremuan jarduten duten sozietate, fundazio edo entitate publikoetakoak (esate baterako, Arriaga Antzokia, Bilbao Arte, Bilbao Musika, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao, Bilbao Ekintza, Guggenheim Museoa, Arte Ederren Museoa, Bilbao Bizkaia Museoak, Itsas Museoa, Euskalduna Jauregia eta BOS). 

Kontseiluko presidentea Bilboko alkatea izango da, eta kulturaren arloan eskumenak dituen zinegotzi bat izango da haren ordezkaria. Era berean, Batzorde Betearazlea osoko bilkuren arteko organo gorena izango da, eta Kontseiluaren ohiko kudeaketaz eta Osoko Bilkurak aztertu beharreko gaiak prestatzeaz arduratuko da.

Bestalde, azterketa-batzordeek lotesleak ez diren txostenak eta proposamenak egingo dituzte, eta lan-batzordeak egonkorrak izan ahalko dira, edo gai zehatzak aztertzeko eratu.

Kulturaren arloan eskumena duen saileko funtzionario bat izango da idazkaria, presidenteak izendatua, eta kudeaketa administratibo eta teknikoko lanak egingo ditu. Hitza izango du, baina botorik ez.

Gainera, Kontseiluak Sailarteko Koordinazio Mahai bat edukiko du, udal langileek osatua, kulturaren eremuan egiten diren udal-jarduerak koordinatzeko. Presidenteak izendatuko ditu mahaiko kideak.

HERRITARREN PARTAIDETZA

Bilboko Kulturaren Udal Kontseiluak bere kudeaketaren eta bere jardun-eremuarekin lotutako gaien berri emango die herritarrei, eskura dauzkan eta egokitzat jotzen dituen bitartekoen eta informazio-egintzen bidez.

Halaber, herritarren iritzia jaso ahalko du, eztabaiden, bileren, kontsulten edo inkesten bidez, barrutiko kontseiluei jakinaraziz, edo egokitzat jotzen duen beste edozein bitartekoren bidez.

Era berean, Bilboko bizilagunek eta Herritarren Partaidetzako Erakundeen Udal Erregistroan inskribatutako entitateek informazioa eskatu ahal izango dute, edota Kontseiluari jarduera jakin batzuk egitea proposatu. Horregatik, aldez aurretik eskatuta, Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen bilkuretara joan ahal izango dira. Batzorde Betearazleak ebatziko du planteatutako gaiak Osoko Bilkurara eramango diren eta Osoko Bilkurara joateko edo parte hartzeko eskaerak onartuko diren ala ez.