Bilboko Udalak aste honetan hasiko ditu Ornilla doktorearen kalea hobetzeko eta berrurbanizatzeko lanak, Txurdinaga auzoan. Proiektu hori Auzokide Planaren barruan dago, eta, beraz, 3. barrutiko auzotarrek lehenetsi dute.

Lan horiek datozen zortzi hilabeteetan egitea aurreikusi da, eta 1.497.680,07 euroko aurrekontua dute (BEZa barne).

Obren xede den kale-zatia Txomin Garat eta Artalandio arteko biribilgunean hasten da, eta Gabriel Aresti etorbiderantz doan jaitsieraren eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren ondoko oinezkoentzako pasabide semaforodunean bukatu.  Gutxi gorabehera 350 metro luze eta 20 metro zabal den tarte bat.

Ibilgailu eta autobusek nahiz oinezkoek asko erabiltzen duten bide bat da, Txurdinaga eta Santutxu auzoen arteko lotura baita. Gainera, Bilboko berdegune handienetako bat den Europa parkerako sarrera da eta paraleloan doa harekin.

Hala ere, parkearen ondoko espaloia jarduketa-eremutik kanpo dago.  Kasu honetan, auzokoek lehenetsitako proiektuak jarduketa garrantzitsu bat aurreikusten du eskuineko espaloian (kaletik jaitsita ikusita).  

Zehazki, honako lan hauek burutuko dira:

  • Espaloia handitzea. Bereziki esanguratsua izango da Birjinetxe Laguntza Zentroaren eta Bekoetxe Eguneko Zentroaren pareko tartea handitzea, gaur egungo 2,9 metroetatik 5,8 metrora igaroko baita.
  • Eragindako udal-zerbitzuak berritzea, hala nola saneamendua, hornidura, argiteria...
  • Erdibitzailea kentzea, kalearen sekzioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko oinezkoen erabilerarako, ibilgailuen zirkulaziorako dagoen azpiegitura minimizatu gabe.
  • Galtzada zatitzea, etorkizunean, eremu honetan zehar bidegorriaren tarte berri bat egiten denean, jarduketa ahalik eta txikiena izan dadin.
  • Ornilla Doktorea – Artalandio biribilgunea berriz asfaltatzea, kalteak konponduz eta seinale horizontalak mantenduz.
  • Aparkaleku-eremua birbanatzea, eguneko zentroko pasabidea mantenduz, baita laguntza-eraikinaren ondoan dagoen mugikortasun urriko pertsonentzako plaza ere.
  • Espaloiko zoladura berritzea, inguruko eremuen estetikari eutsiz.

Hiri-altzari berriak ere jarriko dira, bai eta zabalkuntzaren ondoren sortzen den espaloi berrian landare gehiago jartzea ere. Hori guztia, paseatzeko, itzala egiteko eta atseden hartzeko espazio bat eskaintzeko helburuz. Hobekuntza nabarmena da egungo egoerarekin alderatuta, eremu horretan ez baitago landaretzarik.