Bilboko Udalak merkatariak eta ostalariak animatu nahi ditu euskara ikastera
Bilboko ostalariek eta merkatariek urriaren 10era arteko epea daukate izena emateko: Biribilko webgunean, 688 739 015 telefono-zenbakira deituz edo eskolak emango diren euskaltegietan bertan
Bilboko Udalak merkatariak eta ostalariak animatu nahi ditu euskara ikastera eta hobetzera, Biribilko udal programaren bidez. Bilboko ostalariek eta merkatariek urriaren 10era arteko epea daukate izena emateko: Biribilko webgunean, 688 739 015 telefono-zenbakira deituz edo eskolak emango diren euskaltegietan bertan. Udalaren helburua da bezeroekin, hornitzaileekin eta lankideekin dauzkaten harremanetan ikaskuntza eta erabilera erraztea.
Bilboko Udalak merkatari eta ostalari gero eta euskaldunagoak izatea du helburu udal-programa horrekin. Ikastaroak amaitu ondoren, ekainaren amaieran, matrikularen kostu osoa itzuliko die baldintza bi betetzen dituzten ikasleei: eskoletara gutxienez % 75 joan izana (gutxienez 68 eskola-ordu) eta gutxienez maiatzaren 1era arte eskoletara joan izana.
Klaseetara joaten diren pertsonek ziurtagiri pertsonalizatua jasoko dute, Biribilko 2025-2026 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duena (betiere, eskolen % 75era joan izana bermatu behar dute). Horrez gain, hala nahi badute, dohainik eskuratuko dituzte merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegiak. Era berean, doako itzulpen zerbitzua erabili ahal izango dute (gaztelaniatik euskarara) jendaurreko merkataritza- eta ostalaritza-testuak (kartelak) itzultzeko, saltokietan erabili behar direnerako.
Udalak elkarlanean garatzen du euskararen erabilera sustatzeko udal programa hau, zehazki, HABErekin eta euskaltegi homologatuekin, bilbaoDendak elkartearekin eta hiriko merkatarien elkarteekin, eta Bizkaiko Ostalarien Elkartearekin.
Ikastaroak diruz lagunduta daude, 90 euroko kostua eta 90 orduko iraupena daukate, eta prestakuntza-maila bi eskaintzen dituzte: euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa eta euskara komertziala hobetzeko ikastaroa. Eskolak astean bitan ematen dira: astelehen eta eguaztenetan edo martitzen eta eguenetan, 2025eko urritik 2026ko ekainera. Parte-hartzaileek goizeko, eguerdiko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu ahal dute.
Temas
Más en Bilbao
-
Saetas y euskera al paso del Nazareno por Bilbao
-
La llegada de la Korrika a Bilbao aumenta masivamente el uso del tren
-
El arte de no tirar nada: la revolución de la ropa usada llega a la Sala BBK
-
La Sala BBK se convierte en una "fábrica textil" para enseñar a las familias a dar una segunda vida a su ropa