Ostiral honetan arratsaldean ireki ditu ateak Arriaga Antzokian 'Musika eta Emozioak' izenburupean ospatuko den Musika-Música jaialdiaren 24. edizioak. Bilboko Alkatea, Juan Mari Aburto; Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Gonzalo Olabarria; Musika-Música zuzendaria, Begoña Escribano, eta musika klasikoa maite duten Bilbo eta Bizkaiko hainbat ordezkari izan dira jaialdiaren hasieran.
Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Bilboko Koral Elkarteak, Wagnerren “Holandar alderraia”ren obertura, Txaikovskiren “Zisneen aintzira”ren suitea eta Borodinen “Dantza polovanoak” interpretazioarekin eman diote hasiera jaialdiari. Guztia, Erik Nielsenen gidaritzapean.
Era berean, Euskalduna Jauregiak, jaialdiaren gune nagusi gisa, Galiziako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua hartu du. Taldeak Maurice Raveli omenaldi handi bat eskaini dio Auditorioan, bere jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen den egun berean, martxoaren 7an. Frantziar-euskal konpositore eta pianista hau XX. mendeko musika klasikoaren funtsezko figuretako bat izan zen. Orkestrak bere obra ospetsuenetako hiru interpretatu ditu: Valses nobles et sentimentales, La Valse eta Bolero. Konposizio hauek oso ezberdinak dira beren estiloan eta transmititzen dituzten emozioetan. Valses nobles et sentimentales nostalgia eta sentimentalismoa adierazten du; La Valse-k euforia, kaosa eta tragedia uztartzen ditu; eta Bolero-k tonu hipnotikoa du, desio iraunkorra eta tentsioa irudikatuz.
70 emanaldi, 45 minutukoak
Euskalduna Jauregiak asteburu osoan zehar egingo diren beste 68 emanaldi hartuko ditu, aldi berean eta hainbat aretotan. Ohi bezala, maratoi formatuan izango dira, eta ikuskizun bakoitzak gutxi gorabehera 45 minutuko iraupena izango du.
Auditorioan kontzertu sinfonikoak eta koralak bilduko dira. Areto honetan, Galiziako Orkestra Sinfonikoak, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak -duela 15 urte ez dutela kontzerturik ematen penintsulan-; Euskadiko Orkestrak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Udal Bandak, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Kukai Dantza Taldearekin -lehen aldiz dantza egongo da jaialdian- eta Bilboko Koral Elkarteak Auditorioko palestrara igoko dira.
0B aretoa Ganbera orkestrei zuzenduta egongo da. Festival Strings Lucerne orkestraren kontzertuak hartuko ditu, birtuosismoagatik eta aldakortasunagatik ezaguna den Suitzako harizko taldea; Nereydas, garaiko instrumentuak erabiliz musika barrokoan espezializatua; Café Zimmermann, Johann Sebastian Bachen interpretazioan erreferentziazko talde bat; Ensemble Diderot, Barroko goiztiarreko errepertorioan aditua, eta Friburgoko Orkestra Barrokoa, antzinako musika arloan miretsienetakoa; eta Esemble OBNI ere egongo dira eszenatokian.
0D aretoan Noskowski, Beethoven, Haydn, Schubert, Barber, Clarke, Wolf, Puccini edo Schumann konpositoreen piezak entzungo dira. Hori guztia Singer Pur, Meccore hari laukotea, Cuarteto di Cremona edo Trio con brio Copenhagen taldeen eskutik. 0A aretoan, Martín García García piano-jotzaileak, Clevelandeko Nazioarteko Piano Lehiaketaren irabazlea; Miguel Ituarte pianista eta Iagoba Fanlo biolontxelo-jotzailearekin batera; Víctor de Valle pianista eta Carole Petitdemange biolin-jotzailearekin batera eta Alfonso Gómez egongo dira.
"Degli affetti proibiti" gala lirikoa estreinatuko da bihar goizean 0C aretoan. Saio hau, jaialdiaren berezko ekoizpena da, Isilpean geratu diren emakumezko konpositoreak eta ahotsak gogoratuko ditu. Bertan Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Ensemble Galdós arituko dira eta Naiara Beisteguiren girotze eszenikoaz arduratuko da.
Familia saioak 0E aretoan izango dira. Bertan, Musbika Ensemblek bere "Emozioak eszenan", zuzeneko musika eta ilustrazio ikuskizun murgiltzailea, aurkeztuko du. Gainera, Cor de Teatreren eskutik "Operetta" lanaz gozatu ahal izango dugu, a capela musika, keinu antzerkia eta umorea uztartzen dituen lan bat.
Espazio horretan bertan, beste urtetan egin den bezala, zineak ere berezko tartea izango du, larunbat eta igande arratsaldean egingo diren bi emanaldirekin, Ander Marzana pianistarekin, César Coca kazetariarekin eta Patricia Sojo musikologoarekin batera.
Bestalde, interprete gazteek beren lekua izango dute Kioskoan. Bertan, 12 kontzertutan, hainbat kontserbatorio eta autonomia-erkidego ezberdinetako musika-hezkuntzako zentroak arituko dira.