Astelehen honetan aurkeztu egin du Bilboko Udalak datorren ostegunean, otsailaren 27an, hasi eta martxoaren 4ra arte luzatuko diren Aratusteetarako prestatutako egitaraua, publiko orori zuzendutakoa. Jardunaldiak Bilboko hainbat gunetan egongo dira herritarren parte hartzea sustatzeko eta jaiez gozatzeko asmoarekin.
Aurten, Josu Camarak eta Oihana Bartrak Farolin eta Zaranbolasen paperak egingo dituzte. Aratusteetako maskara jarriko dute lehen aldiz ostegun goizean, otsailak 27an, eta arratsaldean, berriz, bi pertsonaiei ongietorria egiteko unea izango da.
Ostiralean, otsailak 28, goizean Eskoletako Haur Desfilearekin hasiko da, eta ondoren, arratsaldean, Farolin eta Zaranbolasen epaiketa egingo da. Hortik aurrera, jaiak aurrera jarraituko du hiriko hainbat tokitan martxoaren 4ra arte, haurrentzako tailerrekin, kontzertuekin, dantzekin, ikuskizunekin, erraldoiekin eta buruhandiekin edo mozorro-lehiaketekin. 2025eko Aratusteei agur esateko, Sardinaren Ehorzketa eta Erretzea egingo da asteartean, martxoak 4, Plaza Barrian hasi eta Arriaga plazan amaituko den ikuskizun handi batean. Sardina larunbat goizean eta arratsaldean egongo da, Berastegi kalean, nahi dutenek berarekin selfie bat egin dezaten.
Egitaraua
Ostirala 28: ikastetxeen desfilea eta Farolin eta Zaranbolasen epaiketa
Ostiral goizean, Bilboko 11 ikastetxeetako 1.900 ikaslek (Juan M. Sánchez Marcos, Tomas Camacho Eskola, Ángeles» Ikastetxea, Esclavas Sc-Fatima, Artxandape Ikastola, Iparragirre Ikastola, Maristak Bilbao, Ave Maria, Mujika Eskola, Zazpilanda eta Cervantes Eskola), jaia Bilboko kaleetatik eramateaz arduratuko dira 10:30etik aurrera. Albiako lorategietatik abiatuko da ibilbidea, Kale Nagusitik eta Areatzatik jarraituko du, eta Plaza Barriraino iritsiko da. Bertan, txokolatada tradizionala egongo da, "Zonbi Festa" ikuskizun musikalak alaituko duena.
Arratsaldean, 17:45etatik aurrera, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketaren kalejira hasiko da Udaletxean. Atxiloketa 18:15ean izango da, Arriaga plazan, eta handik Plaza Berriko karparaino joango da. Bertan, epaiketa eta eskarnio publikoa egingo dira 19:00etan.
Plaza Barriko karpan ere aretoko dantzak izango dira Bilbao Sozial Dantzaren eskutik, 20:45ean, eta 22:45ean Asier Bilbaoren "1000 KOLORE" ikuskizuna ere egongo da.
Larunbata 1: Erraldoiak eta Buruhandiak, haurrentzako tailerrak eta musika
Aratusteetako larunbat handian, txikienek "Inauterifest" gunea izango dute Plaza Barrian, non tailerrak eta ikuskizunak egongo diren. Larunbatean bertan, 11:00etatik 14:30era, eta astelehenean ere izango dute aukera gune honetaz gozatzeko, 16:30etik 19:30era.
Gargantua ere egongo da Urkixo eta Mazarredo zumardien artean, 12:00etatik 14:30era.
Dibertsioa areagotu egingo da 12:00etatik aurrera, Farolinek eta Zaranbolasek Plaza Biribileko esparrua irekitzen dutenean, gero Erraldoi eta Buruhandiekin jarraitzeko. Horiek 12:00etan aterako dira Arriaga plazatik, eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte 14:30ak arte. 12:30ean Arriaga plazan haur dantzen erromeria izango da, duela 20 urtetik hona antolatzen dena. Larunbateko bi ekimen hauek Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik ospatzen dira. Azpimarratzekoa da, halaber, erraldoiak Portuko Markesaren kalean izango direla 16:45ean.
Sardina, Bilboko Aratusteetako protagonista nagusietako bat, Berastegi kalean egongo da eskuragarri, 12:00etatik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara, nahi dutenek beregana hurbildu eta selfie bat egin dezaten.
Musika, dantza, animazioa eta mozorroak izango dira nagusi Bilboko kaleetan larunbatean, Bilboko Gaiteroen eskutik, Dunbots fanfarrearekin eta Kale Nagusian, Arenalean eta beste hainbat espaziotan egongo diren ikuskizunekin. 16:00etan hasiko da mozorro lehiaketa, izenemateen irekierarekin, Portuko Markesaren kalean, eta 17:00etan kalejira egingo da Portuko Markesaren kaletik, eta 20:30ean sari banaketa Plaza Berrian.
Eguna amaitzeko, topagune nagusia Plaza Barriko karpa izango da, "Aratusteen musikaz blai" jardunaldiarekin, 21:30etik aurrera. Bertan, MIKOSIS Aste Nagusia VillaSoundBilbao 2024 saria irabazi duen taldearen kontzertua izango da, eta, ondoren, 23:00etan, NONBAIT taldearen erromeria.
Familia kontzertuak eta sardinaren ehorzketa
Igandean, martxoak 2, Erraldoi eta Buruhandiek Alde Zaharreko giroa alaituko dute, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, 12:30etatik 14:00etara. Arratsaldean, 18:30ean, dantzak izango dira nagusi Plaza Barriko karpan, Beti Jai Alai Dantza Taldearen "Dantzan gura dugu egin aratuste egunean!" ikuskizunarekin.
Martxoaren 3an, astelehena, Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarinarekin batera, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, 12:30ean, Plaza Barrian. Musikaren laguntzaz, ikusleek munduko hainbat herrialde bisitatu ahal izango dituzte. Umorez eta dantzaz beteriko kontzertua izango da. Gainera, arratsaldean puntu berean "Inauterifest" egongo da, haurrentzako tailerrekin, 16:30etik 19:30era.
Hurrengo eguna, martxoaren 4a, asteartea, 2025eko Aratusteak agurtzeko eguna izango da, baina ez aurretik jaiaz gozatu gabe. Eguna Udal Txistulari Bandaren kontzertu batekin hasiko da, Picuentos Txotxongilo Konpainiarekin eta Garazi Navas akordeoi jotzailearekin batera, 12:30ean izango da, Plaza Barrian.
Arratsaldean, Plaza Barrian, 19:00etan hasiko da sardinaren ehorzketa. Musikariz, bertsolariz, dantzariz eta zirkuko artistez osatutako segizioak, Farolin eta Zaranbolas buru eta Jaietako Batzorde Mistoko ordezkariek, Sardinaren agurran parte hartuko dute.
Ibilaldiak geldialdi bat egingo du Santiago plazan 19:45ean, kaxarranka bezalako euskal dantzak partekatzeko gonbitea eginez, eta Arriaga plazara iritsiko da 20:00etan. Bertan, sardinaren ohiko erreketa izango da, 2025eko Aratusteei amaiera emango diena.