Bilboko udalbatzak hasierako onarpena eman dio Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari, ostatu turistikoei eta etxebizitza kolektiboei dagokienez. Aldaketa horren helburua da turismoko ostatuak eta etxebizitza kolektiboak ezartzeko araudia egokitzea, hiriaren garapen orekatua bermatzeko. Hain zuzen, Udalak planteamendu argi batekin heldu dio gaiari: ohiko etxebizitzetarako bizitegi-erabilera sustatzea.

Planteamendua aurrekoa baino murriztaileagoa da, eta Bilboko turismo-plazen egoerari buruzko "azterketa sakon" bat egin ondoren etorri da. Azterketa horren ondorioz, besteak beste, kontu hauek egiaztatu dira:

  • Bilbok EAEko beste hiri eta udalerri batzuek baino ratio txikiagoak ditu per capita turismo-plazei dagokienez.
  • Hala ere, azken urteetan erabilera turistikoko logelen eta, batez ere, erabilera turistikoko etxebizitzen hazkunde handia nabaritu da; horiek hirian dauden turismo-plaza guztien % 24 dira.
  • Horrelakoen kontzentrazio handieneko eremuak Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Matiko (Uribarri), Abando eta Indautxu eta Olabeaga dira.

Horregatik guztiagatik, araudi-aldaketa hori izapidetzeari ekingo zaio, horrelako turismo-ostatuak sortzeko murrizketa gehiago ezartzeko. Gainera, erabilera turistikoko logela eta etxebizitzen kontzentrazio handieneko eremuak bereiziko dira (horietan, plangintza are zorrotzagoa eta murriztaileagoa izango da).

Hasierako onarpena eman baino lehen, Plangintzako Aholku Batzordeak bilera bi egin ditu eta inpaktu handiena biziko duten auzoetako barrutietako kontseiluetako bizilagunei azaldu zaie arau-aldaketa, barrutiotako batzorde teknikoen bidez. Hain zuzen, 2. barrutian (Uribarri), 5. barrutian (Ibaiondo), 6. barrutian (Abando) eta 8. barrutian (Basurtu-Zorrotza) egin dira informazio-saioak.

Dokumentua jendaurrean egongo da hilabete, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Aldi horretan parte hartzeko saio gehiago egingo dira, Aholku Batzordean eta herritarrekin.

Alegazioak aurkezteko jarri den epean alegaziorik aurkezten ez bada, dokumentuaren kopia Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaliko da, txostena egin dezan.

ARAUDIAREN ALDAKETA

Gaur egungo erregulazioa 2022ko martxoan onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota dago. Hor ez dago mugarik lehendik dauden etxebizitzetan erabilera turistikoko logelak ezartzeko, orain arte bizitegi-erabilera zutela jotzen baitzen. Badaude mugak, ordea, erabilera turistikoko etxebizitzak ezartzeko, jarduera ekonomikotzat jotzen baitira. 

Orain planteatzen den aldaketaren berritasun nagusia, hain zuzen ere, erabilera turistikoko logelak eta etxebizitzak parekatzea da, lehenengoetara jo ez dadin bigarrenek dituzten mugak saihesteko

Horrenbestez, turismo-ostatuen kontzentrazio handieneko eremuetan, bai erabilera turistikoko logelak eta bai etxebizitzak jarduera ekonomikotzat hartzen dira eta murrizketa berberak aplikatzen zaizkie. Hau da:

  • Lehendik dauden eta erabilera aitortua duten etxebizitza-eraikin libreetan etxebizitzetara zuzendutako beheko solairuan soilik baimenduko dira (Zazpi Kaleetan, soilik lehen solairuan edo, bestela, beheko solairuan).
  • Sarbide independentea izan behar dute, ibilbide irisgarriarekin (gainera, horrek ez ditu baldintzatuko komunitatearen beharrak).
  • Eraikin bakoitzeko turismo-ostatu bat egongo da gehienez.
  • Etxebizitza horretan erroldatuta egotea eta haren turismo-erabilera bateragarri egin ahal izango dira, txandaka.

Ostatu turistikoen kontzentrazio handieneko eremu horietako gainerako turismo-jardueretarako, baimendutako erabilerak eta erabilera osagarri eta lagungarriak mugatuko dira. 

Baimendutako erabilerak mugatzea:

  • Bizitegi-erabileraren babesa. Bizitegi-eraikinetan ez da baimenduko erabilera turistikoko establezimendurik.
  • Hirugarren sektoreko eraikinetan erabilera turistikoko establezimenduak baimenduko dira, baina ez apartamentu turistikoak.

Erabilera osagarriak eta lagungarriak mugatzea:

  • Bizitegi-erabileraren babesa. Bizitegi-eraikinetan, beheko solairuan edo lehenengoan soilik baimenduko dira, sarbide independentearekin eta ibilbide irisgarriarekin.
  • Hirugarren sektoreko eraikinetan erabilera turistikoko establezimenduak baimenduko dira, baina ez apartamentu turistikoak.

GAINERAKO LURZORURAKO ARAU OROKORRA

Aurreko kasuan bezala, erabilera turistikoko logelak eta etxebizitzak parekatuko dira, eta, beraz, muga berberak aplikatuko dira horrelakoak sortzean. Hala:

  • Lehendik dauden eta erabilera aitortua duten etxebizitza libreen eraikinetan etxebizitzetarako den solairu baxuenean ere baimenduko dira.
  • Baina eremu horietan ez da sarbide independenterik beharko; bai irisgarria, ordea.
  • Ez da turismo-ostatuen gehieneko kopururik egongo; solairu horretan dauden etxebizitza adina turismo-ostatu egon daitezke.
  • Etxebizitza horretan erroldatuta egotea eta haren turismo-erabilera bateragarri egin ahal izango dira, txandaka.

Gainerako ostatu-jarduera turistikoak, hau da, hotelak, ostatuak, aterpetxeak, hostelak, apartamentu turistikoak eta antzekoak baimenduta egongo dira egoitza-eraikinetan eta hirugarren sektoreko eraikinetan.

ETXEBIZITZA KOLEKTIBOAK ETA BESTE OSTATU MOTA BATZUK

Araudi berriak beste alojamendu-modalitate batzuen inguruko irizpideak argitu nahi ditu, hala nola, etxebizitza kolaboratiboak, egoitza komunitarioak eta etxebizitzarekin pareka daitezkeen beste bizitoki batzuk, bizigarritasunari eta diseinuari buruzko zehaztapen teknikoak garatzeaz gain.

Ostatu-modalitate horiek bertan egiten den erabileraren arabera arautuko dira.

  • Etxebizitza kolaboratiboek bizitegi-erabilera izango dute.
  • Egoitza komunitarioak bereizi egingo dira: alde batetik, interes publikoko ekipamendu edo entitateei lotuta ez daudenak (bizitegi-erabilerarekin parekatuko dira), eta, bestetik, interes publikoko ekipamendu edo entitateei lotuta daudenak (ekipamendu-erabilera, hirugarren sektoreko erabilerarekin eta bizitegikoarekin bateragarria).
  • Ikasle-egoitzak bateragarriak izango dira turismo-ostatuarekin, gehienez ere hiru hilabetez udan. Baina plazen gutxieneko kopuru iraunkor bat ikasleentzat dela bermatuko da (% 30).

Gainera, etxebizitza kolektiboei ez ezik hotelei, apartamentu turistikoei eta abarri aplikatu beharreko gutxieneko bizigarritasun- eta diseinu-baldintzak arautzen eta sartzen dira araudian.  Logelen eta patioen tamainari, argiztapenari eta aireztapenari, sukaldeen erauzketari eta abarri buruzko baldintzak.