Bilboko Udalak esku-hartze bat amaitu berri du Iturribide kalean. Esku-hartze horretan, hiri-hobekuntzako lanak eta muralizazio artistikoko proiektua sartzen dira, inguruko lokal komertzialen eta lonja hutsen pertsianak koloreztatzeko. Guztira 52 pertsiana margotu dira.
Azken esku-hartze hori, izaera artistikoa duena, oraintsu bukatu da, bederatzi artista eta/edo tailerren parte-hartzearekin. Azken hilabeteetan 60 pertsiana dekoratu dituzte. Hauek aritu dira irudiak margotzen: Luis Olaso Garralda, Eva Mena, Bea Aparicio eta Char Lee Mito, Jose Ignacio González Ormaetxea, Verónica Weckmeister, Murales Bilbao, Kolore Taller de Arte, Amiarte eta Ya Murals.
Artista bilbotarrak dira denak, eta eskarmentua eta prestakuntza espezifikoa dituzte muralismoan eta arte publikoan. Marrazki hauek egin aurretik, zirriborroak aurkeztu behar izan zituzten, esleitu zitzaizkien pertsianen neurri eta ezaugarrietara egokituta. Udalak berak eta Bilbao Arte Fundazioak onartu behar zituzten zirriborroak.
Pertsianetako irudien gaien artean, paisajismoa, euskal kostunbrismoa, pop artea, rock artea, erretratuak, bodegoiak, natura... daude, hau da, irudi figuratiboak zein abstraktuak.
Proiektu honek 85.360 euroko aurrekontua izan du, hiri-berrikuntzan inbertitu ziren 1.230.840 euroei (BEZa barne) gehituta.
HIRI-HOBEKUNTZA
Iturribideko hiri-hobekuntzarako obrak 2023ko irailetik 2024ko maiatzera bitartean egin ziren. Lanon helburua izan da kaleari estetika modernoagoa eta atseginagoa ematea, hiri-altzari berriekin.
Besteak beste, galtzadaren zabalera 3,50 metrora murriztu da, modu jarraituan, esku hartu den kale-tarte osoan, galtzadaren bi aldeetako aparkalekuak kenduz. Ondorioz, espaloiak handitu egin dira, aparkaleku zaharren espazioa bereganatuz.
Zoladura berritu da, eta argiztapena hobetu; gainera, mutiloiak kendu eta oinezkoentzat atseginak diren altzariekin ordeztu dira: hormigoizko bankuak (egurrezko bizkarraldearekin edo gabe), eserlekuak dituzten jardinerekin eta abar.