Txistulari boskoteak Euskalduna Jauregian emango dio ongietorria 2025 urteari, urtarrilaren 22an, 19:00etan eskainiko duen "KANTALDIA” izeneko kontzertuarekin.
Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak, Iñar Sastre piano jotzaileak eta Gorka Eskauriaza baxu jotzaileak lagunduta, Onintze abeslari konpositore bilbotarrarekin batera izango dira agertokian. Kontzertua aukera paregabea izango da entzuleek beraiekin batera abesteko eta euskal musikaren errepertorioaz gozatzeko. Pasa den urtean benetan arrakastatsua suertatu zen hitzordua. Beste behin, emozioz eta publikoarekiko konexioz beteriko emanaldia izatea espero da.
Errepertorioan Oskorriren Euskal Herrian Euskaraz, Mikel Laboaren Gure bazterrak eta Sorotan Beleren Mariñelaren zain pieza ikonikoak daude. Gaur egungo abestiek ere beren lekua izango dute, Izaroren Paris, Vendettaren Begietara begira edo En Tol Sarmientoren Abuela Maitea bezalako abestiekin, besteak beste. Kalejiretan ohikoak diren doinuak ere interpretatuko dira. Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan daude eskuragarri.
Otsailaren 5ean "DINBI DANBA" izeneko kontzertuaren estreinaldia izango da, eta Udal Txistulari Bandak Tio Teronen Semeak dantza konpainiaren laguntza izango du. Hainbat jatorritako dantzariak bildu dirà taldean, eta bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Beraz, musikaz eta dantzaz modu alai eta dibertigarrian gozatzeko aukera izango da. Trebetasun komikoz beteriko ikuskizun honek ikusleen irribarrea piztuko du, horretako espreski aukeratutako dantzek lagunduta.