Bilboko Udalak ekitaldi honetarako udal-dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du gaur, urtarrilak 8, 2025eko otsailaren 21era arte (biak barne). Guztira, 3.937.707 euro dira. Dirulaguntzen programa hau osagarri garrantzitsua da Udaleko sailek irabazi asmorik gabeko entitateen bitartez abiarazten dituzten jardueretarako.
2024arekin alderatuta gehitu diren dirulaguntza ildoak hauek dira:
- Garapenerako nazioarteko lankidetza, urte anitzekoa: helburu nagusia gastu arrunta duten proiektuetarako programak.
- Sentsibilizazioa, gizarte eraldaketarako hezkuntza eta giza eskubideak. Urteko programak.
- Eskolako igeriketarako laguntza.
- Euskararen erabilera sustatzea.
- Bilbao Hiri Gaztea Planarekin lotura duten ekintzei laguntzea.
Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte ordain soziala ekarri ohi duten proiektuak garatzeko interesa duten entitateek, Udalaren jardueraren osagarri izaten baitira proiektuok, eta udal sailek euren jardun-eremuetan aurreikusitako helburuak lortzeko lagungarri: Partaidetza eta Barrutiak, Kultura, Euskara, Hezkuntza, Immigrazioa eta Kulturartekotasuna, Jaiak, Berdintasuna eta genero-indarkeriarekin amaitzeko arloa, Gazteria, Ingurumena, Osasuna eta Kontsumoa, eta Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideak.
Entitateek honela aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak programan:
- Web inprimakiaren bidez, eskatzen diren datuak betez
- Erregistroaren bidez (eskatzen diren dokumentuak aurkeztuta):
- Herritarrei Arreta Emateko Udal Bulegoetan (aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da, itxaronaldiak saihesteko)
- Erregistro elektronikoaren bidez
Izapideak erraztu eta zalantzak argitze aldera, kontsultak egiteko telefonoa jarri da: 944.010.010 / 010, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik igandera. Gainera, udalaren webgunean tutorial-gida bat dago, pdf formatu interaktiboan, eskabideak errazago izapidetzeko. Inprimakiak errazago betetzeko, eta oinarriak eta beste agiri batzuk ulertzen laguntzeko, agirietako batzuk irakurketa errazeko formatuan eskuratu ahalko dira.
Web-orriaren bidez, eskabideak aurkeztu ez ezik, dirulaguntzen izapidetze-egoera ere kontsultatu ahal izango da. Hartara, onartutako ziurtagiri elektronikoaren bidez edo Bilboko Udalaren web orrian sartzeko pasahitza erabilita, entitate interesdunek 2025eko edo lehenagoko eskariak (2007tik aurrerakoak, 2007koak barne) zertan diren kontsultatu ahal izango dute.
Entitateek, gainera, zuzenean kontsultatu ahal izango dute, web-orriaren bidez, zein deialditara aurkeztu ahal diren, entitate bakoitzaren izaeraren arabera.