Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du datorren igandean, abenduaren 1ean, ospatuko den HIESaren Munduko Egunarekin. Horretarako, 'Ekin diezaiogun eskubideen bideari: nire osasuna, nire eskubidea' izeneko kanpaina jarriko du martxan, gaixotasun hori duten pertsonei eta kolektibo zaurgarriei laguntzeko eta prebentziorako jarduketak bultzatzearen garrantzia nabarmentzeko.
Bilboko Udalak begizta gorri handi bat jarri du udaletxeko balkoian Hiesaren Munduko Egun honetan gure gizartean askotan gure laguntza behar duten pertsona zaurgarriei eragiten dien eta oraindik ere kalte handiak eragiten dituen gaixotasun honen aurrean beti erne egoteko beharra gogorarazteko eta gaixotasunaren eragina murrizteko prebentzioa eta prestakuntza funtsezkoak direla azpimarratzeko.
Asmo horrekin Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, bi lankidetza-hitzarmen harpidetu zituen Hiesaren Aurkako Bizkaiko Batzordearekin eta HIESaren aurkako T4 elkartearekin.
Bizkaiko Hiesaren Aurkako Batzordearen kasuan 2024an, Sailak Oinarrizko Arreta Integraleko/Ohitura Osasungarriak Hartzeko Programak eta Harrera eta Laguntza Soziosanitarioko Programa garatzen lagundu du. Erakunde horrek 792 pertsona artatu zituen 2024ko lehen seihilekoan (663 gizon eta 120 emakume eta 9 pertsona transgenero).
Era berean, HIESaren aurkako T4 elkartearekin harpidetutako hitzarmenari esker Bilboko Udalak HIESaren birusak kutsatutako 60 pertsona inguru eta haien familia-ingurunea babesteko eta prebenitzeko eta osasuna sustatzeko programak garatzen laguntzen du; elkarteak urtero gauzatzen ditu programa horiek.
Beste alde batetik, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek sexu-osasunari eta sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioari buruzko prestakuntza-saioak egiten dituzte urtean zehar, Bilboko Oinarrizko Lanbide Heziketako zentroetan ematen direnak. 2024an oinarrizko eta erdi-mailako prestakuntza-zikloetako 23 ikastetxetan esku-hartu da 68 tailerretan, 1.234 parte-hartzailerekin.
Profesionalen kolektiboarentzako prestakuntza-saioak ere egiten dira, “Zaintzailea zainduz” proiektuaren bidez. Proiektu hori HIESaren aurkako borrokan diharduten erakundeetako langileei zuzenduta dago, besteak beste T4 Elkartea, Hiesaren Aurkako Batzordea, Caritasen Hontza Zentroa edo Siervas de Jesús-Jesusen Zerbitzariak.
Azkenik, Osasun eta Kontsumo Saileko talde teknikoak laguntza eskaintzen die Bilboko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako ikasleen familiei, hezkuntza afektibo-sexualaren arloko prestakuntza-saioen bidez, infekzioen transmisioa prebenitu ahal izateko. 2023-2024 ikasturtean hemeretzi prestakuntza-saio egin dira gai honekin zuzenean lotuta, eta uriko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako 159 gurasok hartu dute parte.