Bilboko Udalak haurren eskubideak defendatu eta aldarrikatu zituen atzo, azaroaren 20an, Esperantza frontoian Haurren Mundu Eguna dela eta egindako jendaurreko irakurketa batekin.
Juan Mari Aburto alkatea han izan da, eta berarekin, Joseba Madariaga UNICEFen Euskadiko Batzordeko presidentea, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko kide diren haur eta nerabeak, Udalbatzaren ordezkariak, Hirugarren Sektoreko zenbait entitatetako kideak, eta haurren, gazteen eta gizarte-zerbitzuen esparruko entitateetako ordezkariak.
Neska-mutilek, “Goazen” telesaileko bi aktorerekin batera. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak jasotzen dituen printzipioak eta artikuluak irakurri dituzte. Konbentzio hori Nazio Batuen itun bat da, juridikoki loteslea den haurren eskubideei buruzko lehenbiziko nazioarteko legea. Dokumentu honek eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak biltzen ditu, eta mundu osoko haurrek eta gazteek izan ditzaketen egoera desberdinak islatzen ditu.
Umeen eta Nerabeen Kontseiluaren osoko bilkura
Irakurketa ekitaldia hasi aurretik, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluaren osoko bilkura egin da: 15. bilkura izan da, Kontseilua 2017an eratu zenetik. 46 umek parte hartu dute, 10 eta 14 urte bitartekoak. Osoko Bilkurako burua Juan Ibarretxe izan da, Gizarte Ekintzako zinegotzia.
Osoko Bilkuran ikasturte honetan landuko dituzten gaiak eztabaidatu dituzte, hala nola haurren ikuspegia kontuan hartuta hiria hobetzeko balioko duten proposamen edo proiektuak.
Bilbo, Umeen Laguna
Udalak ume eta nerabeekin hartutako konpromisoaren aitorpen gisa, «Bilbo, Umeen Laguna» titulua lortu zuen hiriak, 2018ko azaroan, UNICEFen eskutik. 2023an titulua berriztatu du. Dokumentu horrek egiaztatzen du Udalak umeentzat diseinatzen eta garatzen dituen politikak UNICEFek zehaztutako prozedura espezifikoaren arabera egiten direla.
Bilboko Udalak Umeen eta Nerabeen Kontseilua abiarazi zuen, Bilboko umeek eta nerabeek hiria eraikitzen parte har dezatela bultzatzeko. Ordezkariak urtean birritan biltzen dira osoko bilkuran, eta, gainera, lan-batzordeetan parte hartzen dute. Era horretan, udal jarduna ebaluatzen dute, eta hiria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkien proiektuak aurkezten dituzte. Horretarako, udal sailek erronkak aurkezten dizkiete, eta umeak eta nerabeak sailekin lankidetzan aritzen dira.
Ekintza horiek guztiak 2025era arte indarrean egongo den Bilboko Umeen eta Nerabeen II. Udal Planaren barruan sartzen dira. Plana Kontseiluko kide diren 46 haurren eta nerabeen parte-hartzearekin ondu zen, eta aldez aurretik 1.000 haur eta neraberen ekarpenarekin egindako diagnostikoa kontuan hartu zen.
Plan hori urian 18 urtetik beherako pertsonei zuzendutako 188 udal-ekintzaz osatuta dago, eta Bilboko haur eta nerabeen erronkei eta desafioei erantzun nahi die, adingabeen ongizatea, eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzen dituzten printzipio batzuen inguruan ardaztutako ekintzak hedatuz.