Astearte honetan, azaroaren 12an, 60 urtetik gora urian erreferente izan den Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoak merezitako omenaldia jaso du udaletxean, Juan Mari Aburto alkatearen eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza saileko zinegotziaren eskutik.
Ekitaldia atzo arratsaldean egin zen Arabiar Aretoan eta bertan izan ziren Asier eta Amagoia Loroño, akordeoien orkestrako presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren, eta musikarekin eta kulturarekin zerikusia duten beste pertsona ospetsu batzuk ere.
Juan Mari Aburtok nabarmendu duenez, «akordeoien orkestrak musika klasikoari eta euskal kulturari ekarpen handia egin dio. Erreferentzia paregabea da bere generoan, kontserbatu eta babesten jarraitu behar dugun ondare artistikoa, Bilbok ez diezaion musika egiteari utzi, eta bilbotarrok hain gurea den instrumentu honetaz gozatu ahal izan dezagun».
Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoak hainbat sari jaso ditu bere ibilbidean zehar, besteak beste, "Bilboko Ospetsuak" 2005ean eta "Bizkaitar Argia-Ilustre de Bizkaia" 2015ean. Halaber, berriki, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jaso dute.
Bilboko talde hau 1963an sortu zuen Josu Loroño musikariak. Josu aitzindaria izan zen musika klasikoaren maisu handien musika akordeoiarekin interpretatzen. Bere pasioa Asier semeak eta Amagoia alabak jaso dute. Aitaren urratsak jarraitu dituzte, eta, gaur egun, Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoak hainbat musika-estilorekin jarraitzea sustatzen dute, Bilboko, Bizkaiko, Euskadiko eta nazioarteko agertokietan.