Birziklatzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan Bilboko Udalak Ecovidriorekin batera. Oraingo honetan, astelehen honetatik hasi eta hurrengo hiru asteetan, Disneyland Pariseko pertsonaien tematika duten birziklatzeko hiru iglu egongo dira Bilbon, familiek beira-hondakinak bota ahal izateko. Ekimen hau 'Beira birziklatzearen magia!' izeneko kanpainaren barruan antolatuta dago.

Aurten ere, Ecovidrio enpresak bat egin du Disneyland Parisekin -Europako turismo-jomuga bisitatuena-, familiak ingurumenaren zaintzaz eta beira birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Ecovidrio da beira-ontzien gaikako bilketa lekuan bertan kudeatzen duen eta horrela jasangarritasunari erantzuten dion SCRAP espezializatu bakarra.

Zehazki, beirazko ontzientzako edukiontziak leku hauetan egongo dira: Santutxun - Karmelo kalea eta Bastida kaleko 1aren artean; San Nikolas plazan eta Indautxu plazan.

Halaber, aurten ere, Disneyland Paris eta Ecovidrio enpresek saria eman nahi diete beira birziklatzeko magiarekin bat egiten duten guztiei. Hori dela eta, parte-hartzaileek aukera izango dute Disneyland Parisera bidaia bat irabazteko. Horretarako, gaikako igluetan eskuragarri dagoen QR kodea eskaneatuko dute, eta galdetegi labur bati erantzungo diote webgune ofizialean. Disneyland Parisera bidaia esklusibo bat irabazteaz gain, 200 iglu tematizatu txikiren zozketan ere sartuko dira parte-hartzaileak, birziklatzearen magiak beren etxeetan jarrai dezan.

37 hiri eta 120 beira-edukiontzi

Ecovidrio eta Disneyland Parisen eskutik, kanpaina honetan zehar, beira jasotzeko 120 edukiontzi tematizatu banatuko dira Estatuko 35 herritan. Hauek dira: Pozuelo, Alcobendas, Alcalá de Henares, Rivas, Getafe, Fuenlabrada, Guadalajara, Cuenca, Toledo, Ciudad Real, Albacete, Murtzia, Cartagena, Benidorm, Alacant, Badalona, Torrelavega, Bilbo, Donostia, Teruel, Burgos, Valladolid, León, Segovia, Soria, Jaén, Almería, Marbella, Jerez, Granada, Kordoba, Huelva, Sevilla, Coruña eta Santiago Compostelakoa.

Gainera, lehenengo aldiz, ekimen honek beira birziklatzeko magia Portugalera eraman du. Zehazki, Lisboara eta Portora.