Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du astearte honetan, azaroaren 5ean, ospatzen den Zaintzaileen Nazioarteko Egunarekin. Hala, gaur goizean, Zaintzea Familia Zaintzaileei Laguntzeko Bilboko Udal Zentroari omenaldia egin dio.
Ekitaldiak Zabalbide kaleko 1eko Bbkgunean egin dira, eta ehun bat pertsonak hartu dute parte ekitaldietan. Pili Castroren hitzaldia nabarmendu daiteke ekitaldi guztien artean. Bera Bizkaiko Caritaseko Adinekoen eta Zahartzearen arduraduna da eta "Zaintzaileen bakardadea" hartu du gaitzat bere hitzaldian. Ondoren, bere bizi-esperientzia kontatu du Idoia Odriozolak (zaintzailea eta Zaintzea-ren erabiltzailea). Omenaldi-poema bat irakurri da gero, eta, amaitzeko, agurra egin eta itxi da jardunaldia.
Irekiera ekitaldian Juan Ibarretxe Bilboko Udaleko Gizarte Politiken koordinatzaileak azaldu duen bezala, "azpimarratu nahi dugu zuok, zeuen denbora eta ahalegina eskaintzen duzuen pertsona guztiok, merezi duzuela aitortzea nolako konpromisoa hartzen duzuen, zeuen bizitzaren zati handi bat bideratzen baituzue zeuen premia duen senitartekoren edo hurbileko pertsonaren bat zaintzera", eta gogoratu du, azkenik, gaur egungo egoeran "zaintza dela oraingo eta etorkizuneko erronka handienetako bat".
Ibarretxek gogorarazi du Bilboko Udalak "ez duela bakarrik konpromiso irmoa edozein arrazoigatik zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona guztien zaintzarekin, baizik eta zaintzaile guztiei ematen diegula laguntza, zaintzaile horiek profesionalak izan zein ez izan.Izan ere, funtsezkoa da zaintzaileak zaintzea." Eta azpimarratzekoa da Zaintzea zentroarekin "hiri inklusiboago bat eraikitzen jarraitzen dugula, parte-hartze, konpromiso, berdintasun eta erantzukidetasun handiagoa duen hiri bat, giza eskubideak eta aniztasuna errespetatuko dituena eta osasuna eta bizikidetza nortasunaren ezaugarri komun gisa sustatuko dituena, Bilbo atzean inor geratuko ez den hiri bat bihur dadin".
Zaintzea datuetan
2023an 612 pertsonak hartu dute parte Zaintzea programek antolatutako ekintzaren batean; haietatik 119 gizonezkoak izan dira, eta 493 emakumezkoak.
Adinari dagokionez, % 52,78 (323) 41 eta 59 urte bitarteko zaintzaileak dira; % 37,25 (228) 60 eta 80 urte bitartekoak dira, eta aurreko urtean % 41 ziren. Pertsona horien % 50,3 zaintzen dituzten pertsonen seme-alabak dira, eta % 30,23 beren bikotekideak zaintzen dituzten pertsonak dira. Nabarmendu beharreko datu bat seme-alabak zaintzen dituzten gurasoen gorakada da, % 10,13koa izan baita.
Pertsona horietatik 290 (62 gizon eta 228 emakume) lehen aldiz joan ziren zentrora 2023an. Kasuen % 50,69tan, pertsona horien adina 40 eta 59 urte bitartekoa da, eta kasu gehienetan 1 eta 6 urte bitartean daramatzate senidea zaintzen; % 68,62k gurasoak zaintzen dituzte, eta % 35,96k, berriz, bikotekideak.
Kasuen jatorriari dagokionez, ez dago alde nabarmenik dagozkien oinarrizko gizarte-zerbitzuei dagokienez.
Aurkeztutako datu horietan oinarriturik, esan liteke 2023an Zaintzearen jardueran parte hartu duen zaintzailearen profila 40 eta 59 urte bitarteko alabarena dela, eta 1 eta 6 urte bitartean daramala mendekotasuna duen senidea zaintzen.
Zentrora lehen aldiz joan diren zaintzaileen zaintzak jaso dituzten pertsonak, guztira, 547 pertsona izan dira (281 emakume eta 266 gizon); 2022an, berriz, 502 izan ziren. Haietatik % 55,35 80 urtetik gorakoak dira, eta % 7,50 adingabeak. Pertsona horietatik, kasuen % 72,21ek badute mendekotasunaren balorazioa onartuta, eta % 49,23 beren senide zaintzaileen gurasoak dira. Hori dela eta, zaintzak jasotzen dituen pertsonaren profila honela deskriba dezakegu: 80 eta 89 urte bitarteko ama, mendekotasunaren I. gradua duena.