Astearte honetatik aurrera erabilgarri dago Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria. Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu 2021aren amaieran izandako lur-jausia dela eta gertatutako ezponda egonkortzeko lanak. Obrek 220 metro koadroko eremu bati eragiten diote, 376.960,78 euroko aurrekontua izan dute (BEZa barne), eta hiru hilabetetan egin dira.
Obra hori ezin izan da orain arte egin, lursaila ez zelako Udalaren titulartasunekoa. Bada, hor jardun ahal izateko egin beharreko kudeaketak amaitu ondoren eta proiektuaren lizitazio-, esleipen- eta egikaritze-izapideak amaitu ondoren, ekin ahal izan zaie lanei.
Ezponda ADIFen trenbide-plataformaren eta itsasadarraren paraleloan igarotzen diren pasealekuaren eta bidegorriaren artean dago, Olabeaga eta Zorrotza artean, eta, proiektu honekin, eraikuntza-definizio egokiena eman nahi izan zaio ezpondan gertatutako lur-jausiari.
Hala, zenbait ingeniaritza-bulegori eskatutako txostenak aztertu ondoren, eta geoteknian aditua den Ikerlur enpresaren analisian oinarrituta, ondorioztatu da ezpondak azaleko haustura zuela, eta horrek eragin zuela lur-jausia bidegorriaren gainera. Lur-jausi horrek, era berean, ezpondaren barrenaren eta Olabeaga pasealekuaren arteko mugan zegoen harlangaitzezko horma erortzea eragin zuen.
Horregatik, erabaki zen ezpondaren gainazala babesteko eta finkatzeko elementu berri bat egitea, nahikoa izango zelakoan ezponda egonkortu dela bermatzeko.
Obretako lehenengo lana ezpondako sastrakak kentzea izan da, lurrik kendu gabe, trenbidean eraginik ez izateko. Ondoren, lurrari eusteko lana egin da, zulatutako errailen pantaila bat jarrita, eta, gero, belar-sastrakak kendu dira, isuritako materiala kendu da eta, hortik abiatuta, soluzio egonkortzailea eraiki da. Hala, gutxienez metro bateko lodiera duen harri-lubetazko azala jarri da. Amaitzeko, harlangaitzezko horma eta bidegorriaren aglomeratua birjarri dira.