Urtero bezala, Bilboko Udalak martxan jarri ditu etxeko txikienentzako dibertsio- eta ezagutza-espazioak sustatzea eta, aldi berean, ikasturtean zehar familien kontziliazioa erraztea helburu dituzten Haurgune, Kidegune eta Kidegune First Lego League programen edizio berria.
2024-2025 ikasturtean, Bilboko Udalak 926 plaza eskainiko ditu 3 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat. Plaza eskaera eguazten honetatik, hilak 4, irailaren 10era (martitzena) bitartean egin daiteke.Izapide hori Bilboko Udalaren web-orriaren bidez edo 94 4010 010 (010) telefonora deituta egin daiteke.
Ikasturte berria irailaren 30ean hasiko da eta 2025eko ekainaren 13an amaituko da. 926 plaza horietatik, 616 Haurgunen daude, 3 eta 8 urte bitarteko umeak; 246 plaza Kidegunen, 8 eta 11 urte bitarteko umeak; eta 64 plaza Kidegune First Lego Leaguen. Haurgune eta Kidegune programak uriko 8 barrutietan banatutako 12 udaltegitan eskainiko dira (Abando, Abusu, Basurtu, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Deustu, Esperantza, Irala, Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotza), eta 2024-2025 ikasturteko jarduerak era askotako adimenen ingurukoak izango dira. Kidegune First Lego League zazpi udaltegitan eskainiko da zapatuetan (Abando, Basurtu, Begoña, Castaños, Deustu, Esperantza eta Irala).
Haurguneen eta Kideguneen ordutegia 17:30etik 19:30era izango da. Astelehen eta martitzenetan, eskaintza 2019tik 2021era bitartean jaiotakoentzat izango da, eguazten eta eguenetan 2016tik 2018ra bitartean jaiotakoentzat, eta barikuetan eta zapatuetan 2013tik 2015era bitartean jaiotakoentzat. Salbuespenak Bilboko Udalaren webgunean kontsulta daitezke." Astelehenetik eguenera, Haurgune bakoitzak 12 plaza izango ditu, eta barikuetan 15 adingabek ere parte hartu ahal izango dute.
Zapatuetan, 17:30etik 19:30era urtarrilera arte eta 17:00etatik 20:00etara martxoaren amaierara arte, Kidegune First Lego Leaguen parte hartzen dutenen txanda izango da. Talde bakoitzean 8 neska-mutil egongo dira. Kidegune horietan hainbat desafio planteatuko dira LEGO teknologia erabiliz pentsamendu kritikoa sustatzeko. Kidegune horiek amaitzeko, taldeek First Lego Leaguen parte hartuko dute, seguruenik martxoan.
Plazak esleitzea
Plazak zozketa bidez esleituko dira irailaren 12an, eta zozketaren emaitzak irailaren 13an argitaratuko dira. Plaza lortu duten familiek irailaren 13tik 16ra bitartean egin beharko dute inskripzioa, udalaren Bilboko Udalaren webgunearen bidez edo 94 4010 010 (010) telefonora deituta.
Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotzako Haurgune eta Kideguneetan izena emateko, beharrezkoa da zuzenean harremanetan jartzea jarduerak egingo dituzten erakundeekin.
- Otxarkoaga: Tendel: 94 641 04 79 (9:00etatik 13:00etara) eta 623 383 724 Era berean, webgunean.
- Errekalde: Gazteleku: 94 444 79 65, zumizgai@gazteleku.org eta webgunean.
- Zorrotza: Gure Lurra: 621 333 371 eta webgunean.
Tarifak 17,00 eurokoak dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten familientzat, 50,50 eurokoak familia ugarientzat eta guraso bakarreko familientzat, eta 67,50 eurokoak gainerako familientzat. Aurreko urteetan bezala, taldea sortzeko gutxienez 6 parte-hartzaile beharko dira udaltegi eta egun bakoitzeko.
Era askotako adimenak
Haurguneen eta Kideguneen gaia era askotako adimenak izango dira. Aisia hezigarri baten bidez eta tailerren gertuko inguruneetara egindako irteeren bidez, era askotako adimenak landuko dira, hala nola bisuala eta espaziala, musikala eta entzumenezkoa, logikoa eta matematikoa, pertsonen artekoa edo pertsona barrukoa, besteak beste. Jarduera guztiek zeharka lantzen dituzte GJHak eta Bilboko Balioen Agiria.
Ikasturte honetan, Kidegune First Lego Leaguek desafio teknologiko batzuk landuko dituzte Legoren eta STEAM metodologiaren bidez. Frogatuta dago umeek baliabideekin zuzenean elkarreragiten dutenean eta gauzak bertatik bertara esperimentatzen dituztenean garatzen dituztela ondoen beren trebetasunak. Ideia horretan oinarritzen da STEAM ikaskuntza-prozesua (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika). Praktikaren, esplorazio irekiaren eta Legoren pieza ezagunen bidez, pentsamendu, arrazoiketa, talde-lan, ikerketa eta sormenaren inguruko trebetasunak garatzeko aukera ematen dute.