Atxuri auzoko Atxuri kaleko 45. zenbakian dagoen udal-eraikina, Ollerietako eskolak hartu zituena, izango da Bilboko lehen Emakumeen Etxearen kokalekua. Emakumeen Udal Kontseilua osatzen duten elkarteetako ordezkariek honen berri izan du arratsalde honetan bertan. Hala, espazio honek kokaleku esanguratsua izango du.
Bilboko gune feminista berri horren proiektu arkitektonikoa Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako eta Berdintasun sailen artean definituko da, eta Kontseiluaren barruko Lan Batzorde espezifikoan parte hartzen duten emakume-elkarteen laguntza izango du, baita uriko auzoetako beste talde eta erreferente feminista batzuena ere.
Eraikin hori egokitzearekin batera, Udalak modu parte-hartzailean zehaztuko du azpiegitura berri horren Jarduketa Plana (helburuak, zerbitzuak, ekimenak, funtzionamendua...).
Udalak Emakumeen Etxe berri hau abian jarriko du Bizkaiko uriburuan, hiru helburu nagusirekin: proiektu estrategikoa eta erreferentea izatea urian benetako berdintasunean aurrera egiteko, indarkeria matxista desagerraraztea eta emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzea.
Azken urteotan, Udalak azpiegitura feminista horren garapenean lan egin du. 2020an Euskadiko emakumeen etxeen errealitateari buruzko azterlana egin zuen, Bilboko udalerriaren errealitatera egokitutako ahalduntze-espazio bat abian jartzeko. Era berean, 2022an, parte-hartze bidezko prozesua garatu zuen, Bilboko andrazkoek parte-hartzea bultzatzen duten espazio eta jarduketei buruz zer iritzi zeukaten jakiteko.