Asteazken honetan, ekainaren 19an, Japoniako enbaxadore den Takahiro Nakamaek Bilboko udaletxea bisitatu du. Bertan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin dio, egun Bilbo eta Japoniaren artean dauden-lankidetza-harremanetan sakontzen jarraitzeko. Konkretuki turismoa, kultur sustapena, gastronomia edota enpresen garapenari biruz aritu dira.

Takahiro Nakamae (Hiroshima, 1960) Zuzenbidean graduatu zen Tokioko Unibertsitatean, eta 1985ean Japoniako Kanpo Arazoetarako Ministerioan lanean hasi zenez geroztik, erantzukizun goreneko postuak bete ditu Latinoamerika eta Karibeko Gaietarako Zuzendaritza Nagusian, Japoniak Nazio Batuen Erakundean duen Misio Iraunkorrean eta ministerioko Informazio eta Komunikazio Zuzendaritzan.

Horrez gain, Japoniaren São Pauloko (Brasil) Kontsul Nagusia eta Japoniaren Argentinako Enbaxadorea izan da, eta 2022ko irailean enbaxadore karguaz jabetu zen Japoniak Madrilen duen legazio diplomatikoan, 2020ko otsailean Bilboko Udaletxea bisitatu zuen aurreko enbaxadore Kenji Hiramatsuri lekukoa hartuz.

Japonia, munduko hirugarren ekonomia eta industria zein teknologiaren arloko munduko herrialderik aurreratuenetakoa, lehentasunezko helmuga bihurtu da 2030eko Bilbao Bizkaia turismo-estrategiaren barruan eta euskal ekonomia osoarentzat. Horren harira, 2022az geroztik Tokion bulegoa duen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak negozio-aukerak atzeman ditu automozioan, energia berriztagarrietan, gailu medikuetan, makina-erremintan eta Informazio eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT).

Iaz, Eusko Jaurlaritzak Euskadi-Japonia 2023 programaren barruan Tokion antolatu zuen Basque Week delakoak 18.000 pertsona baino gehiago erakarri zituen euskal gastronomia, kultura eta herri kirolekiko jakin-minak bultzatuta. Euskadi Japonia 2023 programaren barruan, hainbat ekintza antolatu dira erakundeen artean, ekonomiaren esparruan eta unibertsitatearen arloan, baita misio komertzialak, topaketak eta azoketako parte-hartzeak, energia eolikoa, hidrogenoa, automobilgintza eta gailu medikoak ardatz.