Bilbao Basket Fundazioaren Bihotz Kantxa proiektua, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiko Esperientzia Gelak eta Luis Briñas-Santutxu BHIren Gure adinekoak zaintzen programa izan dira saritutako ekimenak Bilbao Balioen Hiria sarien seigarren edizioan. Ohi bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok banatu ditu sariak.
Sariketa honen helburua da Bilboko Balioen Agirian jasotako balioak sustatzen dituzten auzoetan, barrutietan edo hirian egindako ekimenak jendaurrean aitortzea. Aurkeztutako 56 proposamenak 4 kategoriatan sailkatu dira: batetik, irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak; bestetik, Bilboko ikastetxeak; hirugarrenik, Bilbon kokatutako sektore pribatuko enpresak, saltokiak, ostalaritza, elkargo profesionalak eta antzeko beste erakunde batzuk, eta, azkenik, unibertsitateak (aurtengo nobedadea).
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok saritutako hiru ekimenak txalotu ditu. Ekimen horiek guztiek, hain zuzen, Bilboko Balioen Agirian jasotako zenbait balio sustatzen dizute, hala nola bizikidetza, berdintasuna, jasangarritasuna eta sormena. “Elkarteek, ikastetxeek, unibertsitateek eta entitate profesionalek gure hirian balioak sustatzeko egiten duten lana nabarmendu nahi nuke. Daukaten inplikazioa eta egiten duten esfortzua. Bilbo oso ezaguna da nazioartean, batez ere, izan duen eraldaketa urbanistikoagatik, baina gero eta ezagunagoa da bere konpromisoagatik eta balioengatik. Seigarren edizio honetan saritutako hiru proiektuetako bakoitzak erronka handi hau lortzen laguntzen digu. Gure Bilbao Balioen Hiria proiektuaren oinarria dira. Proiektu estrategiko hau parte-hartzetik abiatzen da eta eta bilbotar guztiona da”.
Bilboko alkateak azpimarratu nahi izan du “baliorik gabeko gizarte bat esanahirik gabeko gizartea da. Laguntasuna, errespetua, leialtasuna eta justizia egonkortasuna dira balioetan oinarritutako gizarte batean. Urtez urte saritutako pertsona hauen moduko gizakiz betetako Bilbo bat behar dugu. Pertsona aktiboak, parte-hartzaileak, lankidetzarako prest, Bilbo egunez egun hobetzen duten proiektuetan elkarrekin lanean”.
Saritutako hiru proiektuak
Bilbao Basket Fundazioa, Bihotz Kantxa proiektuarengatik
Saskibaloiak benetako taldeko joko izateko ezaugarri guztiak ditu: konpromisoa, adiskidetasuna, ahalegina, errespetua, konstantzia, sakrifizioa eta nork bere mugak gainditzea. Bihotz Kantxak arrazoi soziodemografikoengatik behar handiena duten lekuetara hurbiltzen du kluba. Saskibaloia zaurgarritasun handiagoko eremuetara eramatea ezinbestekoa da aisialdiko dinamika berriak sortzeko eta kirol profesionala kalera ateratzeko, pertsona guztientzako aukera berdinak eskainiz, inor kanpoan utzi barik. Horixe da Bihotz Kantxaren jatorria eta helmuga.
Epaimahaiak azpimarratu nahi izan du zer garrantzia daukan kirol-proiektu honek Bilboko zenbait auzotan (Atxuri, Errekalde, Otxakoaga) bazterkeria-arriskuan dauden gazteen kolektiboen artean. Kirolaren bidezko sozializazioaren garrantzia nabarmendu du, jarduera horrek oso eragin positiboa baitu gazte horien bizitzan. Gainera, emakume gazteek proiektuan parte hartzea da espezifikoki proiektuak ezarritako erronketako bat. Bihotz Kantxa espetxeetara ere eraman dute, haren izaera solidarioaren eta gizarte-kohesiorako potentzialaren adierazgarri.
Euskal Herriko Unibertsitatea, Bizkaiko Esperientzia Gelak proiektuagatik
Bizkaiko Esperientzia Gelek 25. urte beteko dituzten 2024an, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarrizko zereginaren parte dira: unibertsitate-kultura Bizkaiko eta Bilboko gizarte osora zabaltzea, alegia. Geletan, 55 urtetik gorako pertsonentzako unibertsitate-irakaskuntzak ematen dira, eta kolektibo horien garapen soziokulturalerako eta giza garapenerako jarduera osagarriak antolatzen. Programa bi unibertsitate-ikasketaren inguruan egituratzen da: Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua (4 ikasturte) eta, horren ostean, Unibertsitate Ikastaro Osagarriak (hiru prestakuntza-ibilbideren bidez). Urtero 450 ikasle baino gehiago biltzen dituzte ikasketa biek.
Epaimahaiak Bizkaiko Esperientzia Gelek duten hezkuntza-funtzioa nabarmendu du, baina baita gelon funtzio sozial handia ere. Gainera, ikasle horietako asko emakumeak dira, eta haien bizitza aldatu egin da ikasgeletatik igarotzearen ondorioz. Azkenik, beste jarduera batzuek, hala nola Esperientzia Geletako Abesbatzak, ikasleak eta ingurunea lotzen dituzte, eta hura hobetzen laguntzen dute.
Luis Briñas-Santutxu BHI, Gure adinekoak zaintzen programagatik
Luis Briñas-Santutxu BHIko DBHko 4. mailako ikasleek une gogoangarriak partekatu dituzte auzoko Kirikiño Egoitzako adinekoekin, Gure adinekoak zaintzen proiektuaren bidez. Proiektu horretan, ikasleek askotariko alderdiak jorratu dituzte. Alde batetik, taldeko elkarrizketak egin dituzte, adinekoen bizipenak, esperientziak, auzoko oroitzapenak, ohiturak eta abar ezagutzeko. Bestetik, zainketa eta tratu pertsonaleko uneak bizi izan dituzte, hala nola plazara irtetea, paseatzea eta jolastea (jolas batzuk ikasleek eurek egindakoak eta beste batzuk egoitzak emandakoak).
Epaimahaiak honako helburu hauek nabarmendu ditu: neska-mutilen artean zaintza-lanen banaketa ekitatiboa sustatzea; haurrak komunitatearen parte gisa inplikatzea, adinekoekiko erantzukizuna uler dezaten, eta zaintzaile izateak dakartzan onurak eta ikaskuntza. Era berean, positibotzat jo da jarduera horiek DBHko 4. mailako ikasleak inplikatu dituztela; hain zuzen, gazte horiek bizi-errealitate oso desberdin bati aurre egin dioten adinekoekin elkartzen dira, bizitzaren beste ikuspegi bat, eta horrek beren erosotasun-espaziotik ateratzen ditu. Ekimenak tradizionalki elkarrengandik urrun egon diren gizarte-kolektiboen inguruko eta haien arteko aurreiritziak apurtzen lagundu die parte-hartzaileei.
56 proiektu
Lehiaketaren seigarren edizio honetan, zeinaren berritasuna izan baita unibertsitateek proiektuak aurkeztu ahal izan dituztela, 56 proiektu aurkeztu dira (2023an 43), zenbait kategoriatan:
- Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeek Bilbon egindako 31 proiektu.
- Uriko ikastetxeen 9 proiektu;
- Bilbon kokatutako enpresek, saltokiek, ostalaritzak, elkargo profesionalek edo antzeko beste erakunde batzuek garatutako 12 proiektu.
- Unibertsitateek garatutako 4 proiektu (edizio honetako berritasuna).
Bilbao, Balioen Hiria
Bilbao Balioen Hiria Sariak Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea, ez bakarrik ekonomia eta hiria biziberritzeko, berreskuratzeko eta eraldatzeko prozesu garrantzitsuagatik, baita dituen balioengatik ere. Asmoa da erakundeen, mota guztietako entitateen, enpresen, komunikabideen, talde politikoen eta, oro har, herritarren artean azterketarako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako gune bat sortzea, hirian balio-esparru partekatu bat sustatu eta zabaltzeko.
Horren emaitza gisa, 2018ko martxoan Bilboko Balioen Agiria onartu zuen Udalbatzak, non datozen urteetan uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu baitziren.
Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea.