Bi aste barru, ekainaren 2an, itxiko da urtero egiten den Aste Nagusiko kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko epea. Aurten, iaz bezala, lanak online aurkeztu behar izango dira gaueko 23:59ak baino lehen.

Lanak originalak eta argitaratu gabeak izango dira eta gehienez ere bi aurkeztu ahal izango ditu parte-hartzaile bakoitzak. Formatu bertikalean aurkeztu beharko dira (50 cm x 70 cm), eta testu hau izan beharko dute: "BILBAO 2024-ASTE NAGUSIA-ABUZTUAK 17-25 AGOSTO". Gainera, kartela izenburu edo lelo batekin identifikatu behar dute, eta deskribapen labur bat erantsi.

Udalak antolatutako lehiaketa honetan, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek parte hartu ahal izango dute.

Berritasun gisa, adimen artifizialeko (AI) sistemen erabilerari buruzko zehaztapen bat gehitu da oinarrietan: "Egileak adimen artifizialeko sistemaren bat erabiltzen badu kartela egiteko, horren berri eman beharko du. Horrez gain, tresna hori zer neurritan erabili duen eta nola zehaztu beharko du, eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen direla bermatu beharko du". Halaber, balorazioari dagokionez, zehaztu da gizakiek egindako kartelak hobetsiko direla adimen artifizialaz (IA) egindakoen gainetik.

Herritarren iritzia

Finalera helduko diren sei kartelen lehen hautaketa Jai Batzordeak izendatutako epaimahai batek egingo du. Bederatzi kidek osatuko dute epaimahai hori: diseinu grafikoaren eta komunikazioaren alorreko bost lagun, Udal Korporazioaren hiru ordezkari (Jai Batzordeko presidente Itziar Urtasun barne), eta Bilboko Konpartsak-en ordezkari bat.Epaimahaiak dibertsitatea baloratuko du generoa eta sexu-orientazioa, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorputz mota eta abarrekoak irudikatzean, rolak eta estereotipoak saihestuz.

Gero, herritarrek sei kartel finalistak bozkatuko dituzte, ekainaren 17tik 23ra bitartean.

Ohikoa denez, Bilboko Udalak, herritarrek Aste Nagusiaren irudia hautatzeko orduan parte har dezaten sustatzeko, BOZKETA-SISTEMA MISTOA proposatzen du: bertatik bertarakoa (lekua zehaztu barik dago), digitala (Udalaren webgunearen bidez) eta epaimahaiaren bozketa. Hiru bozketak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen kartelak irabaziko du.

Epaia ekainaren 25ean ezagutaraziko da.

2024ko Aste Nagusia iragarriko duen kartel finalistak 3.000 euroko saria jasoko du.