Gabarraren eguneran segurtasun, mugikortasun eta garbiketa zerbitzuak indartuko ditu Bilboko Udalak
Datorren osteguna, apirilaren 11, egun historikoa izango da Bilbon, Joan den larunbatean Athleticek Mallorcaren aurka irabazitako Kopa tituluaren ondorioz, gabarrak itsasadarran zehar nabigatuko baitu. Hori dela eta, Bilboko Udalak mugikortasun, segurtasun eta garbiketa zerbitzuak indartuko ditu egun horretan.
Hori dela eta, dispositibo handi bat ari da prestatzen Udala, sail batzuen eta besteen artean koordinatuta: Segurtasuna, Mugikortasuna, Zerbitzuak, Espazio Publikoa...eta, halaber, komunikazioa ere indartuko da, bizilagunek jakin dezaten zer gorabehera eragingo dituen gertakizun horrek eta zer konponbide emango zaizkion.
Urian datorren eguenerako ezarritako dispositiboan, zirkulazioan aldaketak egitea aurreikusten da (kaleak itxi eta beste batzuetatik bideratu) eta neurri handiagoan edo txikiagoan ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasuna aldatuko da, batez ere itsasadarraren ibilgutik eta autobusaren ibilbidetik hurbil dauden auzoetan; 14:00etatik 22:00etara izango dira aldaketok, gutxi gorabehera, harik eta harrerari lotutako segurtasun-operatiboa amaitutzat ematen den arte.
Arratsaldean Bilbora hurbiltzen diren edo hirian zehar ibiliko diren pertsona guztiei gomendatzen zaie garraio publikoa erabiltzea, ahal dela trenez edo metroz, egun osoan zehar zaila izango baita zirkulazioa.
Zirkulazio-etenak eta oinezkoen pasabideak ixtea
Aldaketak apirilaren 11ko (eguena) goizalde aldera hasiko dira, autobusaren ibilbidean hesia jarri ahal izateko; autobus horrek, hain zuzen ere, talde txapelduna Udaletxetik Aldundiaren Jauregira eramango du, Udaletxean harrera amaitzen denean. Hala ere, zirkulazioaren arloko murrizketa gehienak apirilaren 11ko 14:00etan hasiko dira.
Zirkulazio-aldaketa (kaleak itxi eta beste batzuetatik bideratu) horiek, funtsean, inguru hauetan egingo dira: Areatza, Ernesto Erkoreka plaza, Plaza Biribila, Udaletxeko eta Areatzako zubiak eta Kale Nagusia (Moyuaraino). Eremu horietan jende asko bilduko dela aurreikusten da; izan ere, inguru horretan amaituko da gabarraren ibilbidea –Udaletxe parean–, eta gero autobusean ibiliko dira.
Hala ere, aurreko gauetik itsasadarraren perimetroko eremu batzuk hesituta eta itxita geratuko dira. Esaterako, Zorrotzaurreko uhartera ez da sartzerik izango –egoiliarrak, zerbitzu publikoak eta larrialdi-zerbitzuetakoak salbu- eguazten gaueko (hilak 10) 22:00etatik aurrera, aparkatutako ibilgailuek ez dezaten oztopatu gabarra ikustea.
Ontziak igaro aurretik –eta igarotzen diren bitartean–, itsasadarraren bi ertzetan biltzen den jendearen arabera, eta herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko, kaleak zirkulaziorako ixten joango dira.
Olabeaga ingurua, 14:00etatik 20:00etara, gutxi gorabehera, ibilgailuentzat itxita egongo da; egoiliarrak eta larrialdi-zerbitzuak bakarrik igaro ahal izango dira, Ventosa bidetik.
Itsasadarraren ezkerraldean jarraituz, Uribitarte pasealekua itxita geratuko da ibilgailuentzat, 14:00etatik 21:30era, gutxi gorabehera. Garajeek eta aparkalekuek murrizketak izango dituzte, eta, beraz, bizilagunei gomendatzen zaie denbora-tarte horretan ibilgailu pribatua ez erabiltzea. Gainera, jende-kopuruaren arabera, Abandoibarra etorbidea eta Ramón Rubial kalea zirkulaziorako itxi ahal izango dira.
Gauza bera gertatuko da itsasadarraren beste aldean: Elorrietako erriberatik Bilbora sartzeko bidea itxi egingo da, bai eta Botikazar erribera –Agirre Anaien kalea eta Heliodoro de la Torre artean–, Unibertsitate etorbidea eta Campo Volantin ere. Kale horiek segizioa igarotzean itxiko dira, eta egoiliarrei eta Deustuko Unibertsitateko ikasleei bakarrik utziko zaie pasatzen, egoerak horretarako aukera ematen badu. Murrizketa hori 14:00etatik 20:30era egitea ere aurreikusten da, baina ekitaldia nola doan ikusi beharko da.
Pedro Arrupe eta Zubi Zuri oinezkoen pasabideak ere itxita geratuko dira, hilaren 11ko (eguena) 14:00etatik aurrera. Pasabideak prebentzioz itxiko dira ebakuazio-bide egokiak bermatzeko, jende asko aurreikusten baita.
Areatzako eta Udaletxeko zubiak ibilgailuen zirkulaziorako itxiko dira, eta gabarraren ibilbidean dauden udalerriko gainerako zubiak –Deustu, Euskalduna eta Salbe– irekita egongo dira, oinezkoen zein ibilgailuen joan-etorrietarako. Ibaiaren bi aldeetan trafikoa eteteko puntuak aurreikusi dira, eta Bilboko Udaltzaingoak kontrolerako gailu finkoak izango ditu, edozein ezustekoren edo beharren aurrean perimetroa itxi edo aldatu beharko balitz ere.
Salbe zubiko eskailerak ezin izango dira erabili; igogailua, berriz, bizilagunentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat eta larrialdi-zerbitzuetakoentzat gordeko da.
Zingira kalea, Epaltzaren Alargunaren kalea eta Areatza kalea itxita egongo dira ibilgailuentzat, eta garajeak eta aparkalekuak sarbiderik gabe geratuko dira hesiak kendu arte. Erribera kalea ere itxi egingo da (hilaren 11ko goizaldean), Mesedeetako Zubiaren eta Areatzaren artean; eta Prim eta Askao kaleetako bizilagunei bakarrik utziko zaie sartzen, baita garraio publikoari ere, bidea erabat itxi arte. Erabateko mozketa egin ondoren, Plaza Berriko eta Prim kaleko garajeetarako sarbidea Aurrekoetxetik seinalisten txandakako pasabidearen bidez egingo da.
Normaltasuna berreskuratuko duen azken tartea txapeldunen autobusa pasatuko den tartea izango da, hau da, Udaletxearen eta Aldundiaren artekoa. Ibilbide horretan, Kale Nagusia – plaza Biribilaren eta Moyua plazaren artean –, Astarloa – Rodríguez Arias eta Kale nagusiaren artean – eta Nafarroa kalea itxi beharko dira.
Dena den, kontuan izan behar da trafikoa eteteko eta desbideratzeko ordutegiak aldatu egin daitezkeela ekitaldiaren garapenaren arabera.
Aldaketak garraio publikoan
Zirkulazioa etenda dagoen bitartean, batez ere 14:00etan eta 20:00etan, gutxi gorabehera, Bilbobuseko greba dela-eta ezarritako gutxieneko zerbitzu gehienek eragina izango dute bai ibilbidean, bai ohiko buruetan.
Desbideratzeei eta geldialdiak kentzeari eta aldatzeari buruzko informazioa ohiko bideen bidez emango da (sare sozialak, informazio-panelak, markesinak...). Informazio gehiago webgunean edo 010 telefonoan.
Trafiko-etenak direla eta, bidegorri zati batzuk, taxi geltoki batzuk, Bizkaibuseko linea batzuk eta tranbia ere kaltetuko dira.
Segurtasunaren eta larrialdi zerbitzuen antolamendua
Udaltzaingoko langile gehienak prest egongo dira Ertzaintzarekin batera ezarriko diren dispositiboetan modu koordinatuan lan egiteko, eta, hala, ospakizuna bera eta uriko bizilagunen segurtasuna jagongo dituzte.
Gainera, Babes Zibileko Zuzendaritzak suhiltzaileen dispositibo handi bat prestatu du, prebentzioko eta jarduneko zereginetarako. Egun horretarako guardian 62 udaltzain egongo dira Deustuko parkean (12 udaltzain eta 4 ibilgailu) eta Miribillakoan (22 udaltzain eta 15 ibilgailu), udaletxetik gertu (11 udaltzain eta 3 ibilgailu) eta itsasadarrean. Zehazki, uretan hamahiru suhiltzaile egongo dira, horietatik hamar urpekariak, eta hiru salbamendu-ontzi.
Garbiketa zerbitzua eta hondakinen kudeaketa
Bilboko Udalak garbiketa-operatibo berezi bat prestatu du, garbiketa-, ekortze-, baldeo- eta desinfekzio-ekipoz osatutako aparteko errefortzu bat barne hartzen duena, gabarraren ibilbidearen aurretik, bitartean eta ondoren hiria erabiltzeko moduan mantentzeko.
Horrela, gabarra igaro aurretik itsasadarra egoera onean geratuko dela bermatuko da, urte osoan zeregin horretaz arduratzen den itsasontziarekin. Eta itsasontzien segizioa igaro ondoren, ur-xaflaren beste garbiketa bat egingo da, eta garbiketa hori Athleticek egingo du.
Gainera, bigarren garbiketa bat egingo da, sakonagoa. Hurrengo egunean, apirilaren 12an, egingo da, marea behean dagoela.
Hainbat langilek eta baliabide tekniko ugarik osatutako dispositiboa izango da; baliabide teknikoen artean, ekortzeko moto-orgak, hidrogarbigailuak, furgonetak, urez garbitzen duten makinak... Nabarmentzekoa da galtzadak garbitzen hiru talde arituko direla, arratsaldeko, gaueko eta goizeko txandatan.
Pantaila erraldoia eta mugikortasun urriko pertsonentzako espazioa
Bilboko Udalak pantaila erraldoi bat jarriko du Udaletxe Jauregiaren aurrean, bildutako pertsonek ekitaldiaren emankizuna jarraitzeko aukera izan dezaten.
Era berean, gabarraren ibilbidean zehar espazio bat egokituko da, mugikortasun murriztua duten pertsonek ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dezaten lehentasunezko eremu batetik.
Guggenheim Bilbao Museoaren ondoan kokatuko da, eta pasabidearen amaieratik hasi eta Armiarma aldea eta Salbeko zubiaren estriboraino hartzen du. 350 pertsonentzako edukiera izango du.
Espazio hori langileen laguntza izango dute –sarbideak kontrolatzeko eta egokitzeko–, eta sarrera librekoa izango da edukiera bete arte. Horregatik, denbora nahikoarekin joatea gomendatzen da.
Herritarrentzako oharrak
Bilboko Udalak hainbat abisu prestatu ditu gabarraren ospakizunak eta Athleticek Udalean eta Aldundian izandako harrerek eragindako gune eta auzoen berri herritarrei emateko, ostegunerako aurreikusitako trafiko-murrizketen inguruan.
Guztira, 3.000 abisu inguru jarriko dira atarietan, bizilagunek horren berri izan dezaten.
Temas
Más en Bilbao
-
Bilbao Metropoli 30 reconocerá las mejores iniciativas urbanas en unos premios pioneros
-
Idom, Mondragón, Ikerlan y Vicomtech serán las primeras empresas del parque tecnológico de Zorrotzaurre
-
Bilbao ofrecerá 23 espectáculos de teatro callejero durante Aste Nagusia
-
El humor vuelve en forma de chiste por Aste Nagusia