Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendari den Ane Miren Ibañez Zugazagak astelehen honetan aurkeztu du bihar, otsailaren 20an, martxan jarriko den 'Zibersegurtasuna herritarrentzat' izeneko proiektua.

Lan hau “guztiz berritzailea” da, zuzendariaren hitzetan, eta zerbitzu berri eta garrantzitsuak eskainiko ditu hirian, herritarren segurtasun digitala hobetzeko eta ziberdelituen kopurua murrizteko helburuz. Izan ere, “une honetan online delituak hazten ari dira, eta salatutako delituen % 20 dira dagoeneko”.  

Ekimenaren berritasuna eta irismena hain da handia, ze “orain zerbitzu teknologiko hau daukan lehenbiziko administrazio publikoa baikara, eta guztiz eskalagarria da Estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuetara”. Prozesu guztia BilbaoTIK udal sozietateko ekipoak gauzatu du, Bilboko Udalak punta-puntako teknologia eta estandar irekien alde egiten duen apustuari jarraiki. Horrek, gainera, “Bide Berriak” saria ekarri dio, Irontech enpresak bere 20. urteurrenean emana.

Sareko mehatxuak identifikatzea

Proiektu hau finalista izan zen “2021eko Global Mayors Challenge” sari prestigiotsuetan. Bertan, proiektuaren definizioa aurkeztu zen, eta 4 hilabetez modu esperimentalean lan egin zen Bloomberg Fundazioarekin batera, arazoa eta konponbidea azken erabiltzailearekin kontrastatzeko, hau da, adinekoekin, ikasleekin, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin, Basque Cybersecurity Centrerekin eta unibertsitateekin, besteak beste.

Orain, modu ofizial eta publikoan irekitzeko unea iritsi da. Horrela, udal WIFIan sartzen diren herritarrek segurtasun-mekanismoak edukiko dituzte, balizko online mehatxuak identifikatzeko eta blokeatzeko. Gainera, sistemak herritarrari jakinaraziko dio gailuan mehatxu bat daukala. Zerbitzuak konponbide prebentibo bat eskaintzen du; izan ere, herritarrak zibersegurtasunean gaitzeko eta trebatzeko programak edukiko ditu, oso errazak, mundu digitalean ahalduntzeko eta euren burua babesteko tresnak eduki ditzaten.

Zelan sartu?

Bilbao WiFI+ sare berria guztiz doakoa eta segurua da, eta erabiltzaile eta pasahitz bidezko identifikazioa eskatzen du. Horretarako, beharrezkoa da aldez aurretik webgunean erregistratzea.

Tresna hau erabiltzea guztiz boluntarioa da. Beraz, gailuari buruzko segurtasun-informaziorik nahi ez bada, Bilbao WiFi erabiltzen jarrai daiteke, orain arte bezala, sare bien abiadura eta gaitasuna berdinak baitira.

Plataforma berriaren abantaila nagusia da gailuen eta sarearen artean ezartzen diren konexioen metadatuak aztertzen dituela (gailuetan eskua inoiz ez dela sartzen bermatuz), eta, terminalean malwarerik identifikatzen badu, ohar bat bidaliko duela modu automatikoan. Udaleko Modernizazioko zuzendariak azaldu duenez, “orain arte, Bilbao WiFi sarean, malwarea detektatzen eta blokeatzen genuen. Baina zerbitzu berriarekin pertsona bakoitzari egoera honen berri emateko gaitasuna daukagu, alerta bat bidaliz”.

Horretarako, ardatz teknologiko bat dauka, online ingurunean herritarren babes-maila sortzeko, mundu fisikoan dagoenaren antzera. Teknikoki, Udal WIFI sarean (Bilbao WIFI) sortutako trafikoaren buru jakin batzuen azterketan oinarritzen da, herritarrentzat arriskuren bat duten terminalak aurkitzea dakarten patroiak identifikatzeko. "Hau da, –zehaztu du zuzendariak– helburua ez da WiFi sarea babestea (hori albo-ondorioa izango da eta dagoeneko egiten dugu), baizik eta sarea erabiltzen duten pertsonei jakinaraztea gailuan (ordenagailua, tableta, smartphonea…) kode maltzur bat daukatela.

Eraso informatikoak prebenitzea

Era berean, webgunean badauzkazu zibersegurtasunari buruzko prestakuntza-edukiak, batik bat bideoak, eta haien bidez funtsezko kontzeptuak ikasi ahal izango dituzu, bai eta kontzeptu horietan gehiago sakondu ere, jakiteko zelan egiten diren erasorik ohikoenak eta zelan erantzun behar den momentu bakoitzean. “Eduki horiek ulertzeko, ez da beharrezkoa aurretiaz segurtasun informatikoari buruzko ezagutzarik izatea. Nahi duguna –argitu du– jendeari iruzur eta delitu informatiko ohikoenen berri ematea da. Helburua ez da segurtasun arloko adituen hiri bat egitea, baizik eta oso oinarrizko ezagutza-geruza bat ematea, sarean ohikoenak diren tranpetan ez erortzeko".

Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendariarentzat, kalitate handiko gizarte digital seguru batean aurrera egiten jarraitzeko urrats berriak dira, “hori nahi dugu-eta gure hiriarentzat. Bihartik aurrera, doako zerbitzu hau, guztiz boluntarioa, irekiko dugu, herritarrei terminaletan eduki ditzaketen mehatxuen berri emateko, eta horrelako arriskuak prebenitzeko prestakuntza eskaintzeko”.