Auzo, barruti edo hiri mailan gauzatu diren edo gauzatzen ari diren balioak sustatzen dituzten ekimenak publikoki aitortzea helburu duten Bilbao Balioen Hiria sarietarako proposamenak aurkezteko epea otsailaren 29an itxiko da. Aurten ospatuko den seigarren edizio honek bi berrikuntza ditu: batetik, unibertsitateen eremura irekitzea, eta, bestetik, ekimenak aurkezteko modu bakarra dagoela, Udaleko Erregistro Orokorraren bitartez.

Proposamenak dauden 4 kategorietako batean kokatu beharko dira: irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak; Bilboko ikastetxeak; sektore pribatuko enpresak, merkataritzako saltokiak, ostalaritza, elkargo profesionalak eta Bilbon kokatutako antzeko beste batzuk, eta unibertsitateak, aurtengo berrikuntza gisa.

Baldintza nagusietako bat da proiektu guztiek izan behar dutela zerikusia Bilboko Balioen Agiriak jasotzen dituen 17 balioetakoren bat edo batzuk garatzearekin. Izan ere, sariketara aurkezteko, erakundeek, ikastetxeek, enpresek eta bestelakoek Bilboko Balioen Agiriari atxikita egon behako dute eskabidea aurkezten duten egunean.

Gainera, proiektu guztiek eginda edo gauzatzen egon beharko dute, eta ezingo dira mugatu eguneroko jarduera deskribatzera; ekintza zehatzak aipatu behar dituzte. Proiektu guztiek genero-ikuspegia ere txertatu beharko dute, eta hizkera ez-sexista erabili.

Nahitaezko dokumentuak errazago aurkezteko, eskabide-eredu bat dago Bilboko Udalaren webgunean.

Epaimahaiak epaia emandakoan, saria emateko proposamena aurkeztuko zaio Gobernu Batzarrari. Epaia sarietan parte hartu dutenei jakinaraziko zaie 2024. urteko lehen seihilekoan, eta sari-banaketa ekitaldi publiko batean egingo da. Hiru sari emango dira, eta haietako bakoitza 3.300 eurokoa izango da.

Bilbo, Balioen Hiria

Bilbao Balioen Hiria sariak Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Parte-hartze bidezko ekimen bat dira, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea, ez bakarrik ekonomia eta hiria biziberritzeko, berreskuratzeko eta eraldatzeko prozesu garrantzitsuagatik, baita bere balioengatik ere.

Helburua gune bat sortzea da, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisiak egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzan aritzeko. Nahi duen pertsona edo erakunde orok egin dezake bat Bilboko Balioen Agiriarekin, eta, horretarako, nahikoa du Udalaren webgunean eta Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskuragarri dagoen online inprimaki erraz bat betetzea.