Urtero bezala, Bilboko Udalak martxan jarriko du, Bilbao Kirolaken bitartez, Aste Santuko oporraldian aisialdi osasungarrirako programa. Ohi bezala, 6 eta 13 urte bitarteko umeei bideratuta dago. Aurten Aste Santuko kirolez blai izena darama programak, eta guztira 1.302 plaza eskainiko ditu. Txurdinagako, Deustuko eta San Ignazioko udal-kiroldegietan egingo da martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 2, 3, 4 eta 5ean.

Izen-ematea Bilbao Kirolak-en webgunearen bidez egin daiteke, edo, bestela, aurrez aurre, kiroldegietako salmenta-makinetan. Bilbao Kirolak-eko abonatuek datorren astelehenetik aurrera (otsailak 19) eman dezakete izena; aldiz; aldiz, ez-abonatuek, otsailaren 21etik (eguaztena) aurrera. 42 plaza desgaitasunen bat duten pertsonentzat gordeko dira.

Programak dirauen egunetan, haurrek kirol-jarduerak egingo dituzte, hala nola futbola, saskibaloia, ginkanak eta uretako jarduerak. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da, baina sartzeko eta irteteko malgutasuna egongo da, 8:30etik 14:30era.

Bilboko Udalaren Aste Santuko kirolez blai aisialdi osasungarrirako programaren helburua da gazteen artean bizi-ohitura osasungarriak eta gizarte-trebetasunak sustatzea, eta Bilboko familiei oporraldietan kontziliatzen laguntzea.

Kultura digitalari buruzko campusa, euskaraz

Bestalde, Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak “Hala, Birala! Kanpusa” kultura digitalari buruzko euskarazko campusa antolatu dute 2012-2013an Bilboko jaiotakoentzat. Otsailaren 19tik 25a arte izango dute plaza eskatzeko epea.

Campusa eskolako oporraldian izango da, apirilaren 2tik 5era, Euskararen Etxean.

Egunero, 9:30etatik 14:00era, hezitzaileek gidatuta eta adituen laguntzarekin, gai hauek jorratuko dira: animazioa, euskarazko bideo-jokoak, sare sozialen inguruko erabilera eta portaera egokiak eta bideoen edizioa.

Hala, Birala! Kanpusaren helburu nagusiak hauek dira : ikus-entzunezko edukiak sortzeko teknika eta sormena lantzea euskaraz; sare sozialen erabilerari buruz hausnartzea eta ikuspegi kritikoa lantzea; euskarazko bideo-jokoen munduan murgiltzea; eta modako sare sozial erabilienen edukiak, erreferenteak eta joerak lantzea euskaraz.

Parte hartu nahi duten pertsonek info@azkuefundazioa.org eta euskera@bilbao.eus helbideetan lor dezakete prozeduraren berri.