Astelehen honetan goizean, azaroaren 27an, inauguratu egin du Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Uribitarte40 erakusketa-aretoa, BilbaoArte Fundazioaren 25. urteurrenarekin bat eginez. Inaugurazio-ekitaldian Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak eta Javier Riaño BilbaoArteko zuzendariak hartu dute parte baita ere.

Bilbotarrei uriko arte-areto berri hau ezagutzera emateaz gain, espazioa inauguratzen duen erakusketa aurkeztu da gaur; erakusketa hori Javier González de Duranak komisariatu du, eta "Tradizio moderno bat" du izenburu gisa. Erakusketa horrek BilbaoArteren historiaren errepasoa egiten du, sortu zenetik zentrotik igaro diren hogeita hamar artista ingururen lanen bitartez.

Uriko erdigunean dagoen kultura-bizitzarako zentro berri eta estrategiko honetan, herritarrek ikusgai izango dituzte bai hautatutako arte garaikideko obrak, bai Fundazioaren bildumako erakusketa kolektiboak. Era berean, BilbaoArteren arte garaikideko bilduma zabalaren zati handi bat biltegiratuko da Uribitarte40 espazioan.

Bilduma horrek 600 pieza ditu, eta era guztietako diziplina eta praktika garaikideak biltzen ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzak bilduma hori aitortzen du, 2023ko apirilaz geroztik, Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan. Hain zuzen, organo horrek bi dirulaguntza eman dizkio udal-proiektuari: bata bildumaren argazki-erregistro profesionala, katalogazioa eta dokumentazioa egiteko, eta bestea lehen erakusketarako.

Tradizio moderno bat

"Tradizio moderno bat” izeneko inaugurazio-erakusketa Javier González de Durana (Bilbo, 1951) komisarioak prestatu du, eta askotariko diziplinatako –pintura, argazkigintza, eskultura, instalazioa, bideoa eta grabatua– 29 artelanek osatzen dute. Esposizioa sortzaileen bi belaunaldik gutxienez partekatzen dituzten interes eta kezken erakusgarria da, eta agerian uzten du pertsona bakoitzak, nork bere izaeratik abiatuta, interes eta kezka horiei nola heltzen dien eta haiek nola garatzen eta konpontzen dituen.

Obren egileak artista ezagunak dira, garai batean BilbaoArten egoiliar izandakoak, hala nola Txaro Arrazola, Kepa Garraza, Abigail Lazkoz, Alain Urrutia, Amaya Suberviola, Ismael Iglesias, Alberto Albor, Gala Knörr, June Crespo, Alberto Lomas, Saioa Olmo, Jørund Falkenberg Aase, Monika Grabuschnigg, Nerea Apodaka, Estíbaliz Sádaba, Mikel Eskauriaza, Roberto Aguirrezabala, Patrik Grijalvo, Ramón Churruca, Íñigo Cabo Maguregui, Mara Reguilón, Naia del Castillo, Begoña Zubero, Iñaki Sáez, Fermín Moreno, Txuspo Poyo, Florencia Rojas eta Eduardo Sourrouille & Elssie Ansareo.

Inaugurazio-erakusketari lotuta, gainera, Bi hiri bakar batean liburua aurkeztu da. Argitalpen horretan, Javier González de Duranak BilbaoArte ekoizpen artistikoko udal-zentroaren sorrera eta testuingurua errepasatzen du, eta haren funtsezko mugarri eta lan-ildo batzuk aztertzen ditu. Liburuak azken hogeita bost urteetan dirulaguntzen, beken, egoitzen eta elkartrukeen onuradun izan diren artistekin lotutako ilustrazioak eta dokumentazioa dauzka, bai eta erakusketan parte hartzen duten eta BilbaoArte Fundazioaren bilduma osatzen duten artistei buruzko irudiak eta informazioa ere.

BilbaoArte datorren urtean izango diren erakusketei begira ari da lanean; zehazki, bildumako erakusketa, udakoa, Gabonetakoa eta banakako bost erakusketa, BBK Fundazioaren laguntzari esker egonaldi artistikoa egiteko beka bat izan duten artisten artetik aukeratutako egileenak.

Inaugurazio instituzionala egiteaz gain, gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, erakusketa-areto berria irekiko da jendearentzat. BilbaoArteri eta Bizkaiko kultura-arloari lotutako ordezkariak eta artistak bilduko dira ekitaldi sozial horretan. Inaugurazioan, Eñaut Zubizarreta Mendieta Trigger (1992, Leintz) biolontxelistak joko du.

BilbaoArte eguneratzea

BilbaoArte Fundazioa hobetu, eguneratu eta hedatzeko, asmo handiko ekintza-plan bat sortu da, beka berriekin, zentroaren nazioartekotzearekin, zentroa auzo periferikoetara deszentralizatzearekin eta Urazurrutiako egoitzan erreformak egitearekin lotuta.

Seihileko honetan bertan, baldintza ekonomiko hobeak dituen beka-eredu berri bati ekin zaio, iraupen luzeagoko egoitza artistikoetara bideratua. Banakako erakusketa merezi duten proiektuak dituzten artistek aukera izango dute beren proposamenak ikusgarriago eta irisgarriago dagoen areto batean ipintzeko, BilbaoArteren helburu nagusiarekin bat etorriz, hau da, artistak ekoizpen fase guztietan profesionalizatzeko helburuarekin bat etorriz.

BilbaoArteren eredua eguneratzeko jarduera-ildoen artean, zentroa nazioartekotzea ere badago, eta, horretarako, lankidetza-hitzarmenak egiten dira Europako beste arte-erakunde batzuekin. Azken hamabi hilabeteetan, hauekin egin dira elkartrukeak: Bevilacqua La Masa (Italia) elkartea –Otaola Ubieta familiarekin lankidetzan–, Moving Artists (Irakeko Kurdistan) eta Kunsthaus Bregenz (Austria). Horrez gainera, finantzaketa-hitzarmen bat kudeatzen ari da L 'Institut Français d' Espagne erakundearekin, Saint-Etienneko (Frantzia) Cité du Design erakundearekin truke bat egiteko.

Nabarmentzekoa da, halaber, BilbaoArte Otxarkoaga auzora zabaltzeak izan duen arrakasta. Prozesu hori 2022ko otsailean jarri zen abian, fundazioak kudeatutako lau estudio aldi baterako lagatuta. Bi urte baino gutxiagoan, 30 artistak lan egin ahal izan dute instalazio horietan.

Amaitzeko, planaren azken zereginean murgilduta dago erakundea; egoitzaren azken berritze lanetan, alegia. Administrazioa beheko solairura eramanda, hurrengo beketan onuradun gehiago hartu ahal izatea espero da.

25 urte atzera begira

Zifrek agerian uzten dute BilbaoArte erreferentziazko zentro gisa sendotzen ari dela Europako panorama artistikoan. 25 urtetan, Fundazioak 100 ikastaro praktiko baino gehiago eskaini ditu, 300 erakusketa inguru ekoitzi ditu, ekoizpen artistikorako 660 beka eman ditu, eta nazioarteko 140 elkartruke gauzatu ditu beste arte-zentro batzuekin, urtean batez beste 150 erabiltzailerekin. Horren emaitza dira bilduman dauden ia 600 artelanak, zeinak gaurtik aurrera ikusgai egoteko toki bat baitute.

Arte-erakunde eta -zentro askok izan dituzte lankidetzarako eta elkartrukerako hitzarmenak BilbaoArterekin, besteak beste: Dublingo Institutu Teknologikoa (Irlanda), The One Academy of Communication Design (Malasia), San Luis Potosiko Centro de Producción Gráfica (Bolivia), Moreliako Estatu Idazkaritza (Mexiko), Stavangerreko Rogaland Art Centre (Norvegia), Pariseko Cité Internationale des Arts (Frantzia) eta Seuleko SeMA Nanji (Hego Korea).

Erakundeen arteko lankidetza

BilbaoArte Bilboko Udaleko ekoizpen artistikorako zentroak dituen lankidetza instituzionalei dagokienez, azpimarratzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Herriak egiten funtsaren finantzaketa jaso dela zentroa handitzeko proiektua gauzatzeko, bai eta Kultura eta Kirol Ministerioaren 100.000 euroko ekarpen ekonomikoa ere, BilbaoArte handitzeko proiektua babesteko eta, zehazki, erakusketa-aretoaren ekipamendua osatzeko. Horrez gainera, BBK Fundazioak hasieratik eman dio babesa zentroari.