Datorren astelehenetik hasita eta abenduaren 15era bitartean eskagu ahal izango dituzte kontratazioetarako laguntzak lantokia eta jarduera ekonomikoa Bilbon dauzkaten enpresek. Edizio berri honetan, dirulaguntza honetara aurkezten diren enpresek 10.000 eurorainoko laguntza ekonomikoak jaso ahal izango dituzte kontratu mugagabe bakoitzeko. 255 kontratu, lanaldi osokoak edo partzialekoak (gutxienez % 50eko lanaldia), diruz lagunduko dira.

Gainera, jendaurreko ikuskizunetako artisten, teknikarien eta bestelako langileen iraupen zehatzeko kontratuak diruz lagunduko dira (3 hilabeteko iraupena izan behar dute gutxienez). Kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute aurreko sei hilabeteetan enpresan zegoen batez besteko langile kopuru osoarekiko.

Kontratatutako pertsonei dagokienez, langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute kontratua hasi aurreko egunean.

Programa honetan parte hartu nahi duten enpresa pribatuek bi laguntza mota jaso ahal izango dituzte:

  • Gehienez ere 10.000 euroko dirulaguntza lanaldi osoko lan-kontratu mugagabe bakoitzeko, eta 7.500 euroko dirulaguntza jendaurreko ikuskizunetako artisten, teknikarien eta bestelako langileen iraupen zehatzeko kontratu bakoitzeko (sei hilabete edo gehiagokoak, lanaldi osoan), baldin eta kontratatutako pertsona kolektibo hauetako batean badago:
  • DSBEren titularrak edo onuradunak
  • 35 urtetik beherakoak
  • Iraupen luzeko langabetuak
  • 55 urtetik gorakoak, Bilbon bizi direnak

Laguntzaren zenbateko osoa ezin da izan urteko soldata-kostuen % 100 baino handiagoa, Gizarte Segurantzako kotizazioa barne.

  • Gainerako kontratazioetarako, gehienez 8.000 euroko dirulaguntza emango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, eta 6.000 euroko laguntza sei hilabeteko edo gehiagoko lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, jendaurreko ikuskizunetako artisten, teknikarien eta bestelako langileen iraupen zehatzeko kontratu bakoitzeko eta 3.000,00 euroko laguntza hiru hilabeteko lanaldi osoko iraupen mugatuko kontratu bakoitzeko.

Kasu horretan, laguntzaren zenbateko osoa ezin da izan urteko soldata-kostuen % 75 baino handiagoa, Gizarte Segurantzako kotizazioa barne.

Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lan egindako lanaldiarekiko proportzionala izango da.

Gainera, dirulaguntzaren zenbateko guztiak % 10 gehituko dira kontratatutakoak emakumeak badira. Dirulaguntzaren azken zenbatekoak, igoera hori aplikatutakoan, ezingo du gainditu kontratatutako pertsonaren soldata-kostuen eta Gizarte Segurantzako kostuen % 100a.

Bilboko 2023-2024ko enplegu planak

Bilborako 2023-2024ko Enplegu Planak kalitatezko enplegua aktibatzearen aldeko apustua egiten du, baina ahalegin handiagoa egiten du gazteekin eta kolektibo espezifikoekin, emakumeekin eta, oro har, langabetuekin, kalteberatasun handieneko egoeran baitaude, lanpostuak sortzeko eta, aldi berean, hiriko ekonomia eta ongizatea bultzatzeko.

Berritasun gisa, edizio honetan Gazte Plana indartuko da, “lehen lan-esperientzia” izeneko programarekin. Programa hori erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 30 urtetik beherako pertsonei zuzenduta dago.

Era berean, prestakuntzako, enpleguko, orientazioko eta lagun egiteko 4 proiektu berri aktibatuko dira, Bilboko auzo jakin batzuetako pertsona kalteberenei zuzenduta: Untzeta Parrokoa (Santutxu); Torreurizar (Irala); Uretamendi eta Otxarkoaga, azken hori 30 urtetik beherakoentzat.

Premisa horiekin, 2023-2024 aldiko enplegu planek 547 lanpostu berri eskaintzen dituzte hirian, 11,4 milioi euroko aurrekontu-zuzkidurarekin.