Opengelak LIFE programaren laguntza jaso du Europar Batzordearen eskutik, auzoen birsorkuntzan alderdi sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak integratzeko. Proiektua datozen hiru urteetan gauzatuko da eta BIRDTUOSS deituko da.

“Opengelaren lehenengo proiektuaren arrakasta eta beste udalerri batzuetan errepikatzea funtsezkoa izan da Europako Batzordeak hiri-birsorkuntzako euskal ereduan duen konfiantza berritzeko” adierazi du Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren zuzendariak eta BIRTUOSS proiektuaren koordinatzaileak.

“Orain hasiko den proiektu honetan, hurbileko bulegoen bidez Euskadiko auzo guztietara zabaldu daitekeen kudeaketa-ereduan oinarrituko gara berriro. Baina ikuspegi sistemikoagoa eskainiko dugu, formula berritzaileak abian jarriz, eraikinetako esku-hartzeaz gain, beste jokaera batzuk gehitu daitezen auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko xedearekin”, esan du.

Proiektuak hiri-birsorkuntzaren ikuspegi integrala eskaintzen du, eta Euskadi osorako kudeaketa-sisteman oinarrituta dago. Bost alderdi nagusi ditu: auzo-eskalako deskarbonizazioa (ez bakarrik eraikin bakoitzarena); hiri-ingurunean naturan oinarritutako soluzioak ezartzea; esku hartzeko ereduen hedapenaren lurralde-ikuspegia, administrazio publikoen lidergoa izanik eta sektore pribatuarekin lankidetzan; eta hurbileko bulegoen eredua finkatzea eta formula eskuragarriak aplikatzean oinarritua.

Azken batean, hirien bizitzan alderdi soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa hobetzea da helburua. Eta hori lortzeko, BIRTUOSSen 14 kideek hartuko dute parte, erakunde eremuko, zein sektore pribatuko, fundazioetako, klusterretako eta Europako erakundeetako ordezkariek.