'Oroimenen lorategia' izeneko proiektua izan da aukeratua Begoñako Hilerria biziberritzeko Bilboko Udalak deitutako proiektu-lehiaketan. Deialdi honekin, esku-hartze integral, arkitektoniko eta historikoa egin nahi du Udalak, hilerria iraganeko memoriarekin bat datorren egoteko eta paseatzeko gune berde bat bihurtuz.
Guztira, hainbat talderen hamahiru proposamen jaso eta baloratu dira. Talde bakoitzak, gutxienez, arkitekto bat, historialari bat eta paisajista bat dauzka –ezinbesteko baldintza da hau, proiektuaren konplexutasuna eta diziplina anitzeko izaera kontuan hartuta–. 6.150 metro koadroko lurzati berezi baterako, zeinak alboetan horma eta itxitura mota desberdinak dituen, berariaz pentsatutako hamahiru proiektu dira.
Proiektuak aztertu dituen epaimahaiak bost kide ditu: Asier Abaunza, Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko Saileko zinegotzia; Javier Martínez Callejo, arkitektoa eta Hiri Plangintzako zuzendaria; Mikel Ocio, kargu horretan aurretik egon zen arkitekto urbanista; Anartz Ormaza, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkitektoa, “Begoñako Argia” proiektuko landa-lana zuzendu duen pertsona; eta Arantzazu Luzarraga, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren ordezkaria. Epaimahaiak hainbat alderdi hartu ditu aintzat proiektuak ebaluatzerakoan:
- Soluzio arkitektonikoa eta hiri-integrazioa ingurunean.
- Tokiko balio natural, kultural eta historikoei erreparatzea, bai eta jasangarritasun eta efizientzia energetikoaren irizpideei ere.
- Erabilerak eta jarduerak egokitzea eta integratzea.
- Beste gai orokor batzuk, hala nola espazioaren kudeaketa adimenduna, bai eta bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoa ere.
Irizpide horien arabera, hauexek dira epaimahaiak 1., 2. eta 3. postuetarako aukeratu dituen proposamenak:
Irabazlea, ‘Oroimenen lorategia’, ondoko hauek osatutako EABarena:
- Ramón Cuesta González de la Aleja, IWA Studio.
- Juan Escudero Pablos, IWA Studio.
- Estibaliz Álvarez Trejo
- Peter Veenstra, Lola Landscape Architects-en izenean
2. sailkatua (saritua), ‘Argiaren bidea’, ondoko hauek osatutako EABarena:
- Jokin Santiago Elorriaga, Leku Studio SLPren izenean.
- Javier Zaldivar Cabezas
3. sailkatua (saritua), ‘Alanbike’, Porras-Guadiana Arquitectos-ek aurkeztutakoa.
Lehiaketa irabazi duen lantaldeak, 20.000 euro jasoko ditu (BEZa kanpo) eta Udalak egikaritze-proiektuaren idazkuntza eta obren zuzenketa adjudikatu ahalko dizkio. Gainera, "Argiaren bidea" eta "Alanbike" proiektuek 6.000 euroko (BEZik gabe) sari bana jasoko dute.
Proposamen guztiak erakusketa ibiltari batean ikusi ahalko dira, udazkenean, 4. barrutian.
"Oroimenen lorategia"
Proposamen irabazleak etorkizuneko parkeko espazioa bi eremutan zatitzeko apustua egin du: lorategi bat erdialdean, eta galeria edo eraztun botaniko bat horren inguruan, hein handi batean zaratatik isolatzen duten zuhaitzez estalia. Gorpuzkiak lurpetik atera aurretik hilerriak zuen itxura ohoratu eta gogorarazten du antolaketa horrek, lehen perimetro berde sarri batek hilerria eta auzoa bereizten baitzituen.
Erdiko lorategiak 2.200 metro koadro inguruko azalera izango luke –Plaza Berriaren antzekoa tamainan eta neurrietan–. Belardi ekologikotzat hartzen da, soropil-bide edo -zirkuituek zeharkatuta. Bide horietan zehar panteoiak eta hilerri zaharretik ateratako objekturik garrantzitsuenak kokatu edo birkokatuko lirateke.
Galeria botanikoak, berriz, 3.700 metro koadroko azalera izango luke, baita 660 metro koadroko memoria-lorategi bat ere. Gainera, ostalaritza-establezimendu txiki bat izango luke.
"Oroimenen lorategiak" hiru sarbide izango lituzke ingurunearekin konektatzeko. Sarrera zaharra edo memorialaren sarrera Begoñako Andra Maria kalean dago. Beste bi sarrerak lehendik dauden bi eraikini loturik daude:
- San Pabloren sarrera edo kaperaren sarrera, Bilintx kalean.
- San Juanen sarrera edo gorputegiko sarrera, Elizalde kalean.
Parkea gaueko ordutegian itxiko litzateke. Esertzeko, atseden hartzeko... tokia izango da, hilerri zaharraren historiaz jabetu ahal izateko leku bat. Bertan, ekitaldiak, bisita gidatuak eta ospakizun bereziak egin ahalko dira.
Aurrekariak
Deialdi hau abenduan egin zen, “Begoñako Argia” proiektua burutu ondoren. Proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteak gauzatu du egitasmo hori, eta ondorioz 4.700 desobiratze inguru egin dira –hasieran aurreikusitakoa baino ia bost aldiz gehiago–. Besteak beste, orain arte Euskadin lurpetik atera den Gerra Zibileko hobi komun handiena eta karlisten garaiko hobi komun bat aurkitu dira.
Horregatik, memoria eta historia kontuan hartu beharreko funtsezko bi gai izan behar ziren hilerri zaharraren gainean egingo den parkea diseinatzerakoan.
1814an, Begoñako hilerria martxan zegoen jada, gorpuak San Frantziskoko hilerritik leku horretara eramateko Bilboko Udalak hartu zuen erabakian egiaztatuta geratu denez.
XIX. mendeko eredu arkitektonikoei jarraituz eraiki zuten hilerria: oinplano angeluzuzena klaustroan, perimetroa harriz itxita profanazioak saihesteko, sarrera monumentala, kapera eta beste gela osagarri batzuk, hala nola hilotz-biltegia, autopsia-gela edo kapilauaren etxebizitza.
Kanposantua hainbat aldiz handitu zen, jatorrizko oinplano laukizuzena aldatuz. Aldaketa horien ondorioz, Bilintx kalearen inguruko lursailak gehitu zitzaizkion, eta bertan kapera handiago bat eraiki zen, hilerriaren ezaugarrietarako eta hartzen zuen ehorzketa kopururako egokiagoa. Gaur egun, kaperaren hondarrak baino ez dira gorde (kapera sute batean suntsitu baitzen), bai eta gorpu-biltegiarenak, autopsia-gelarenak eta kapilauaren bulegoarenak ere.
Bilboren hirigintza-garapenak eragin zuen 60ko hamarkadan hilerriaren inguruan ekipamendu eta bizitegi-eraikin ugari eraikitzea. Hilerritik metro gutxira hainbat etxebizitza-bloke, zaharren egoitza bat eta hainbat osasun-zentro daude. 2016an, Udalak hilerria ixtea erabaki zuen, azken ehorzketa egin zenetik hamar urte igaro ondoren.
Oraintsuago, 2021eko urritik 2022ko abuztura, Aranzadi Zientzia Elkarteak Begoñako Argia proiektuaren landa-lana egin zuen gune horretan. Proiektu horrek Bilboko Udalaren dirulaguntza eduki du.