Bilboko Udalak hainbat ohar paratuko ditu herritarrentzat Grand Dèpart Tour Pays Basque gertakizunaren eragina izango duten gune eta auzoetan, eta eta postontzietan ere banatuko dira, eta kalean 110.000 ale jarriko dira datozen egunetan. Zehazki, ekainaren 23an, bihar, ekingo zaio oharrok banatzeari.

Ohar horietan, jakitera ematen da non itxiko diren bideak, non izango diren egoiliarrendako irteteko eta sartzeko bide ordezkoak, non aparkaleku eragozleak, eta non bestelako eragin batzuk, hala nola edukiontziak lekuz aldatzea.

Gainera, lasterketaren antolatzaileek gida praktiko zehatz bat egin dute, eta horri esker, herritarrek dokumentu bakar batean kontsultatu ahal izango dituzte Frantziako Tourraren Irteera Handia dela-eta Euskadin egingo diren ekitaldiak eta euren egunerokoa antolatu ahal izateko informazio guztia.

“Grand Départ Pays Basque 2023” gida praktikoan informazio zehatz guztia biltzen da: garraio-operadore publiko guztien plataformetarako estekak eskaintzen dira; ekitaldi nagusien programa; etapa bakoitzaren mapak eta errutometroak; karabana-aparkalekuak; etapen irteeren eta helmugen xehetasunak; eragin handienak izango dituzten ibilbideen itxierei eta irekitzeei buruzko informazioa (Pike edo Jaizkibel, besteak beste), antolatutako ekitaldiak...

Gidak ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaintzen du, Frantziako Tourrak mugikortasunari eta eskura izango diren aukerei nola eragingo dien azaltzeko. Aldaketak izan ahala eguneratuko da gida hori eta, hortaz, oso garrantzitsua izango da Grand Départaren webgune ofizialean sartzea eta eskuragarri dagoen azken bertsioa deskargatzea beti.

Autoa hartu behar izanez gero, WAZE aplikazioa deskargatzea gomendatzen da, trafikoaren egoera denbora errealean ikusteko.  Aplikazio honetan arian-arian kargatzen ari dira jada programatuta dauden trafiko-aldaketak (ibilbideak ixtea, adibidez) edo jardunaldi horietarako erabilgai egongo diren aldirietako aparkalekuak. Ibilgailu pribatuei zuzendutako aplikazio honek bidaia edo desplazamendu bat kargatzeko aukera ematen du, eta aurreikusitako afekzioen arabera, irteera-ordua, ibilbiderik egokiena… iradokitzen du. Laguntza guzti hau, aldez aurretik eta denborarekin egindako planifikazioarekin konbinatzea gomendatzen da, eta ez azken unera arte itxarotea.