Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak “Mugikortasuna genero-ikuspegitik” jardunaldia inauguratu du asteazken honetan BBK Kunan, non enero-ikuspegiak hiri-mugikortasunaren plangintzan eta kudeaketan duen garrantzia azpimarratu duen. Topaketan Bilbobusen eskaintza peko geldialdiak gogoratu ditu Abetek zerbitzu hori 800 emakume baino gehiagok erabiltzen dutela esanez. "Emakumeek geltoki seguruago bat eskatu ahal izan dute gure autobusetan gauez bidaiatzean. Edo udal-markesina eta -aparkaleku guztietan egin diren jarduketak, irisgarriagoak eta seguruagoak izan daitezen; besteak beste, haien argiztapena hobetu da", adierazi du.

Jardunaldian, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak antolatuta, garraio publikoa, mugikortasun jasangarria, eta emakumeek hiri-mugikortasunean dituzten beharrizan espezifikoak eztabaidatu eta aztertu dira.

Abetek adierazi du “udaletako 64 igogailuek 24 orduetan funtzionatzen dutela. Horrek murriztu egiten ditu egin beharreko distantziak, batez ere gauez. Gainera, bideozaintza dute, eta horrek segurtasuna ematen du. Bestalde, ikastaro espezifikoak antolatu dira emakumeek hirian ibiltzeko beldurra gal dezaten eta gure kaleetan bizikleta erabil dezaten”.

Nora Abetek, halaber, aitortu eta nabarmendu du emakumeok garela “garraio publikoa gehien erabiltzen dugunok; gizonek, aldiz, gehienetan ibilgailu pribatua erabiltzen dute laneko zein aisialdiko arrazoiengatik egiten dituzten joan-etorrietan. Bestela esanda, emakumeok garraio publikoa gehiago erabiltzen dugu eta autoa gutxiago; gizonak baino askoz ere modu jasangarriagoan mugitzen gara”.

Gero, Inés Sanchez de Madariagak, UPMko Generoaren Unesco Katedraren zuzendariak, hitz egin du. Generoari eta garraioari buruzko hitzaldia eman du eta mugikortasun-politiketan genero-ikuspegia txertatzearen garrantziaz aritu da, eremu horretako arrakalarekin amaitzeko.

Mintzaldiaren ondoren, mahai-inguru bat egin da, Arantza Leturiondo abokatu urbanista eta Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde ohiak moderatua. Mahai-inguru horretan –“Jardunbide egokiak” izenekoa– honako hauek parte hartu dute, ekimen aitzindariak azaltzeko: Cristina Laborda, Irungo Udaleko Obretako, Udaltzaingoko eta Giza Baliabideetako ordezkaria; Cristina López, ETSko I+G+b, Kalitate eta Ingurumeneko zuzendaria eta autobus elektriko adimentsuaren koordinatzailea, eta Esther Martí, DGTko Bizkaiko trafikoko burua.

Amaieran, Arantza Leturiondok nabarmendu du “zaintzen hiria aldarrikatu behar dela, hiri segurua, zerbitzuak eskueran eskaintzen dituen hiria, hurbiltasunaren hiria, hiri trinkoa, joan-etorri laburren hiria; hau da, giza eta emakume eskalako hiria".

Eta, hartara, “zaintzaren mugikortasuna sustatu behar dugu, estatistiken arabera emakumeok modu ezberdinean mugitzen garelako. Eta modu parekide, seguru, jasangarri eta autonomoan mugitu gura dugu”.